Cables y Alambresek 35 langile kaleratuko ditu Erandioko lantegian

ELAk eta LABek ez dute baztertu fabrika beste leku batera eramateko aukera, baldin eta enplegua eta lan baldintzak bermatzen badizkiete

Cables y Alambres enpresako langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. JUNE PRIETO / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Berregituraketa gogor baten atarian dago Cables y Alambres Especiales enpresa historikoa, Erandion (Bizkaia). Zuzendaritzak 35 langile bota nahi ditu, eta fabrikan geratuko liratekeen beste 87ei lan baldintzak okertu nahi dizkie. Kaleratzeak salatu dituzte ELA eta LAB sindikatuek, eta alternatibak bilatzeko eskatu diote zuzendaritzari.

1898an sortu zuten enpresa, eta kableak eta alanbreak egiten ditu, besteak beste, igogailu, garabi, arrantzontzi eta offshore industriarentzat. Arlo horretako ekoizlerik zaharrenetarikoa da Europan, eta, 2015. urteaz geroztik, Vicinay Bizkaiko enpresa taldearen barruan dago.

Sindikatuek agiri baten bitartez azaldu dutenez, joan den abuztuaren 1ean hasi ziren erregulazio espedientea negoziatzen. Hasieran, zuzendaritzak proposatu zuen 122 langileetatik 43ri kontratua haustea, baina kaleratzeak 35era gutxitu ditu orain. Hiru bilera egin ondoren, ELAren eta LABen babesa lortu ez, eta kaleratzeak «aldebakarrez» egiteko prest dago. 35 langile gutxiagorekin ekoizpena bermatzerik ez dagoela uste dute sindikatuek.

Kaleratzeak baztertu dituzte ELAk eta LABek, eta alternatibak lantzeko eskatu diote enpresari. Proposatu dute langile batzuek bere borondatez uztea enpresa kalte-ordain handiago baten truke, langileak Vicinay taldearen beste enpresa batzuetara eramatea, eta langile batzuk aldez aurretik erretiratzea. Gainera, geratuko diren langileei lan baldintzak bermatzea nahi dute.

Operazio urbanistikoa

Enpresak ezetza eman die, «Vicinay taldeak berregituraketa erraz eta merke bat lortzeko helburua duelako». Sindikatuek susmatzen dute erregulazioak baduela zerikusia Cables y Alambresek betetzen duen eremuari buruzko «espekulazioarekin». Izan ere, fabrika Ibaizabalen itsasadarraren parean dago, etxeak egiteko interesgarri izan daitekeen leku batean. Lur horretan etxebizitzak egin ahal izateko, birkalifikazio prozesu bat martxan jarri du Erandioko Udalak.

Enpresaren bideragarritasuna bermatzeko balio izango balu, ELAk eta LABek ontzat hartuko lukete lurra saltzea eta lantegia beste leku batera eramatea, «betiere enpleguarekiko eta lan baldintzekiko errespetagarria izanez gero».

Baina sindikatuak ez dira fio Vicinayren asmoekin. 2015ean, Bilboko taldeak Cables y Alambres erosi zuenean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Aldundiarekin ere tratua egin behar izan zuen, haiena baitzen orubea, Socaderen bitartez. Lurraren erosketa Finantzen Euskal Institutuaren mailegu bati esker egin zuen Vicinayk, baldintza batekin: fabrikaren jarduerari eutsi beharko ziola, gutxienez 2020. urtera arte. Epe hori agortu aurretik lurra guztiz bereganatu zuen Vicinayk,2018ko abenduan.

ELA eta LAB kexu dira enpresako zuzendaritzak ez diela etorkizunerako inolako bermerik eman, eta alternatiba bakar bat proposatu diela: enpresa likidatzea. «Benetako plan bat exijitzen dugu, higiezinen espekulazioaren mamua urruntzeko, eta bideragarritasun ekonomikoa duen industria proiektu bat sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.