Enpleguari eusteko EBren funtsaren %60 Italiak eta Espainiak jasoko dute

Aldi baterako enplegu erregulazioak eta gisakoak ordaintzeko erabili behar dute dirua. Maileguak dira, eta Kontseiluaren oniritzia behar dute

Ursula Von der Leyen lehendakaria, Europako Batzordearen bilera batean. OLIVIER HOSLET / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) enpleguari eusteko jarriko dituen hamar eurotik sei Italiara eta Espainiara joango dira: 27.100 milioi euro jasoko ditu Erromak, eta 21.300 milioi Madrilek. Diru hori, baina, itzuli egin beharko diote Bruselari, maileguak baitira, eta soilik erabili ahalko dute aldi baterako erregulazioetan eta langabezia sari berezietan gastatutakoaren zati bat finantzatzeko. Hori hala dela erakutsi beharko dute, gainera, Europar Kontseiluaren aurrean, hark izango baitu azken hitza dirua banatzeko orduan: eskaera bakoitzak 27 estatu kideen oniritzia jaso beharko du.

«Espero dugu erabaki guztiak azkar hartzea, maileguak lehenbailehen ordaintzen hasteko», adierazi zuen atzo Valdis Dombrovskisek, Europako Batzordeko lehendakariorde ekonomikoak. Ursula von der Leyen lehendakariak, berriz, «urrats handia» egin dutela azpimarratu zuen, eta orain arteko bidetik jarraitzeko deia egin zien estatu kideei. «Ahal dugun guztia egin behar dugu Europan ahalik eta enplegu gehienari eusteko».

Sure programaren bidez emango dituzte laguntza horiek, eta atzo jakinarazi zituzten zenbatekoak. Guztira, 17 estatuk egin dute eskaera, baina hamabostenak ezagutarazi dituzte —Portugalen eta Hungariaren kopuruak zehazteko dituzte—. 100.000 milioi eurokoa da funtsa, eta Bruselak diru hori merkatuetan eskuratuko du, 27 estatu kideen abalekin.

Atzo ezagutarazitako kopuruen arabera, funtsaren ia %20 erabili gabe geratu da; Batzordeak azaldu duenez, hori utzi da beste herrialde batzuek etorkizunean egin ditzaketen eskaerentzako. Bruselak 81.400 milioi banatuko ditu momentuz, eta zatika egingo du hori: eskatzaileek udazkenean jasoko dute lehen ordainketa, eta gainerakoa 2021. urtean zehar. Aurreikusi da estatuek oso baldintza onetan jasotzea maileguak, merkatuek Bruselarekin duten konfiantzaren arabera zehaztuko baitira interesak —egun kalifikazio mailarik handiena du—, eta ez estatuen arabera.

Espainian jada agortua

Italiak eta Espainiak jasoko dute funtsaren zatirik handiena: %60. Madril izan zen programan izena eman zuen lehen herrialdea, eta galdegindako kopuru bera jasoko du azkenean. Izan ere, Frantziak erabaki du funtsera ez jotzea; horri esker, denek jaso ahal izango dute eskatutakoa. Espainiari, baina, motz geratuko zaio egokitutako kopurua. Airef kontu publikoen Espainiako agintaritzaren kalkuluen arabera, irailerako 23.000-25.000 milioi euro inguru gastatuko ditu aldi baterako enplegu erregulazioetan eta autonomoentzako laguntzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.