Azpeitiko Corrugadosek beste aukera bat izango ote duen aurreikusiko da etzi

Leal familiaren proiektuak zenbat enplegu sortuko lituzkeen jakin nahi dute erakundeek, etziko bileran. Udala haserre dago, filtrazioengatik

Corrugados Azpeitiako langileak, 2013. urtean, kaleratuko zituztela salatzeko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Corrugados Azpeitia berriro martxan jartzeko asmoa azaldu duen enpresarekin elkartuko dira, ostegun honetan, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala. BERRIAk jakin duenez, erakundeek baloratu nahi dute oinarri sendoa duen Cristian Lay taldeko zuzendari Miguel Angel Lealek Azpeitiko fabrika zortzi urteren ondoren irekitzeko azaldu duen asmoak. Lealek esan du «etorkizun handia» dagoela Azpeitiko Corrugadosen, Gallardo Balboa taldea erosi eta gero, baina erakundeek Leal familiaren proiektua ezagutu nahi dute, eta entzun zer-nolako industria proiektua eskaintzen duen, eta zer eskatzen dien erakundeei trukean hura martxan jarri ahal izateko.

Baina prozesua ez da ongi hasi, hain zuzen, erakundeen artean «azpijokoa» egon dela salatu duelako Azpeitiko Udalak, EH Bilduren eskutik. Nagore Alkorta alkateak «errespetua eta begirunea» eskatu ditu herriarentzat. «Erakundeen arteko komunikazioa eta elkarlana» nahi ditu, eta «alderdikeriazko jarrerak baztertzeko» dei egin die Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Aldundiari.

Izan ere, asteon prentsan azaldu den Corrugadosen albistea filtrazioek eragin dutela uste du. Alkateak esan du udalak Cristian Lay taldearekin lehendik baduela harremana, eta berriki izan dutela beste kontaktu bat. «Otsailaren 18an elkartu ginen. Bileran jakinarazi ziguten Corrugados irekitzea aztertzen ari zirela. Guk adierazi genien lanpostu berriak sortzeko dugun interesa. Ahal dugun neurrian laguntzeko prestasun osoa erakutsi genien. Hala ere, oso goiz da gaiaren inguruan hitz egiteko, espektatiba faltsurik ez dugulako sortu nahi».

Edonola ere, egoitza nagusia Jerez de los Caballerosen (Badajoz, Espainia) duen taldeak jakinarazi du Azpeitiko Corrugados ireki nahiko lukeela berriro. Duela zortzi urte itxi zen lantegi hori, Gallardo taldearen eskuetan zegoela, eta prozesu traumatiko luze baten ondoren; 300 behargin kaleratu zituzten.

Zer nahi du Leal familiak?

Zer nahi du erakundeen aldetik Cristian Lay taldeak? Etziko bileran argitu beharko die Azpeitiko Udalari, Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Kartak mahai gainean jartzen hasteko lehen aukera izango dute. Enpresak 140 enpleguri buruz hitz egin du, baina neurri horretako industria proiektu bat abiarazteko, eskaerak ere izango ditu, ingurumen udal baimenekin lotutakoak, akaso, laguntza ekonomikoen esparrukoak, seguru, eta Ogasunari dagozkionak, beharbada. Enpresarien ahotsa eta tonua entzun nahi dituzte erakundeek, zenbaki zehatzak ikustearekin batera.

Leal familiak Azpeitian berriro Corrugados zabaltzeko benetako saio bat egingo balu, albiste oso ona litzateke Gipuzkoako eskuladerako, are gehiago osasun krisiak eragindako krisi ekonomikoaren gordinean iritsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.