Gasolina azken urteotako preziorik garestienera iritsi da azken egunotan

Brent upelaren salneurria ia 75 dolarrean dago, eta adituek uste dute 100 dolarrera iritsiko dela, pandemiaren osteko susperraldiaren eraginez

ISABELLE MIQUELESTORENA / IPARLA.
xabier martin
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ekonomia suspertu eta joan-etorriak handitu ahala, gora egin du erregaien kontsumoak, eta, horren ondorioz, erregaia garestitzen ari da. Hego Euskal Herrian, 2012ra egin behar da atzera aste honetako prezioak aurkitzeko. Are gehiago garestitzea ez da baztertu behar: Brent upelak 75 dolarren muga hautsi zuen atzo, eta analista askok espero dute ehun dolarreko muga goiz gainditzea.

Europako Batasunak biltzen dituen datuen arabera, 95 gasolinaren litroa batez beste 1,367 euroren truke saltzen dute Espainian, eta gasolio litroa, 1,231 euroan. Urte hasierako lehen buletinean, urtarrilaren 11koan, hamazazpi zentimo merkeagoa zen gasolina: hortaz, %14 garestitu da azken bost hilabeteetan. Gasolioaren prezioa, berriz, %13,5 handitu da.

Erregaia garestiagoa da Frantzian —EBren arabera, 1,531euro balio du gasolina litroak, eta 1.408 gasolioak—, baina haren prezioa gutxiago emendatu da urte hasieratik: %10 gasolina, eta %6,8 gasolioa.

Hego Euskal Herrian garestiagoak dira batezbesteko horiek. Atzo bertan, Espainiako Industria Ministerioaren arabera, Araban 95 gasolinarik merkeenaren litroa 1,25 euroan zegoen, eta garestiena, 1,469 euroan. Bizkaian, 1,267 eta 1,481 ziren prezio merkeena eta garestiena; Gipuzkoan, 1,269 eta 1,479 euro; eta Nafarroan, 1,209 eta 1,356.

Salneurririk merkeenak azalera handiko saltokietako gasolindegietakoak dira; errepideko zerbitzu estazioetan, prezio garestienaren inguruko salneurriak daude, gehienetan 1,44 eurotik gorakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan prezio merkeagoak daude, oro har. Dena den, 2012ko irailera joan behar da egungoak baino prezio garestiagoak aurkitzeko: hil horretan 95 gasolinaren litroak, batez beste, 1,522 euro balio zuen, eta gasolio litroak, 1,444.

Gasolina merkearen aroa bukatu da, bistan denez. Brent upela 75 dolarren muga gainditzear dago, eta LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, Errusia buru, lortu dute upelaren prezioa %40 igotzea azken urtean: 2021. urtea 51 dolarrean hasi zuen. Adituek diote ehun dolarreko Brent upela ere izango dela datozen hilabeteetan. Pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoa hasia da Txinan eta AEBetan batik bat, baina baita Europan ere, eta energia beharra ziztu bizian handitzen ari da.

Petrolio gehiago

Kartela iazko udaberrian hasi zen ekoizpena txikitzen, Saudi Arabiak beste ekoizle handien aurka hasitako prezio gerrak hari ere kalte egiten ziola ohartu zenean. Berriro ere upela goranzko bidean jarri ondoren, iturria poliki-poliki hasi da irekitzen. Uztailerako, orain baino bi milioi petrolio upel gehiago egongo dira merkatuan. Petrolio ekoizleek uste dute ekonomia globala eta eskaria suspertzen ari direla, eta Saudi Arabiak men egin diela ekoizpena handitzeko presioei, bai erakunde barnetik, bai aliatuen aldetik eta baita kanpotik ere egin dizkioten presioei. Hala ere, garai batean baino dezente gutxiago ekoizten jarraituko du LPEEk.

Euroguneko estatu kideen artean, Alemanian garestitu da gehien erregaia, eta haren atzetik Espainia dago. 50 litroko biltegi bat duen auto bat hartuz gero, duela urtebete baino 15 euro inguru garestiagoa da autoren biltegia betetzea Hego Euskal Herrian. Duela urtebete, ordea, pandemia betean zegoen Europa osoa; konparazioa 2019ko ekainarekin eginez gero, aldeak ez dira hain handiak: bi euro ingurukoak baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.