Albistea entzun

Eurogunea %0,9 haziko dela esan Bruselak: uste baino gehiago

Energia iaz baino merkeago izateak uxatu egin du atzeraldirako arriskua. Inflazio iragarpena ere apaldu du Batzordeak:%5,6 eurogunean
Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi - Iker Aranburu -

2023ko otsailak 14

Eguraldi epelak eta gas biltegiekin etxeko lanak egin izanak atzeraldiaren mamua urrundu dute eurogunetik. Gasa merkatuta, argindarrak ere beheranzko bidea hartu du, eta horren eskutik jarduera ekonomikoa aurretik iragarritakoa baino handiagoa izaten ari da. Ondorioz, Europako Batzordeak nabarmen hobetu ditu bere iragarpenak: iazko azaroan, iragarri zuen aurten euroguneko BPG barne produktu gordina %0,3 handituko zela; orain, berriz, esan du %0,9ra helduko dela hazkundea. Europako Batasun osoaren iragarpena bost hamarren handitu du: %0,8raino.

Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioaren arabera, Europako ekonomiak «espero baino sasoi hobeagoan» ekin dio urteari, eta «atzeraldia saihesteko prest» dago. Iazko azken hiruhilekoko datuetan oinarritu du baikortasun mezua, «ezohiko baldintza negatiboak» izanda ere atzeraldian sartu ez zelako. Hori bai, komisarioak garbi esan du: «Uste baino hobea izateak ez du esan nahi ona denik». Hazkundea oso apala izango da hurrengo hilabeteetan, eta inflazioa motel baizik ez da apalduko.

Atzeraldia uxatu izanaren zergatiak aletzen jarrita, energiaren kostuetan jarri du lupa komisarioak, gerra aurreko mailetara jaitsi baita. Batzordearen ustez, bi dira arrazoiak: hornidura iturrien dibertsifikazioa eta kontsumoan egondako «murrizketa handia».

Atzeraldi tekniko batzuk

Orain, Bruselak espero du euroguneak eta EBk izkin egingo diotela atzeraldi teknikoari; hau da, BPGa ez da bi hiruhileko segidan jaitsiko. Bere iragarpenak betetzen badira, atzeraldi teknikoan eroriko dira Alemania, Austria eta Danimarka urtearen hasieran, baina gero suspertu egingo dira, eta urtea zenbaki positiboekin itxiko dute: %0,1 Danimarkak, %0,2 Alemaniak, eta %0,5 Austriak. Gaur egun atzeraldian egon eta urtea datu negatiboekin amaituko duen bakarra Suedia da (-%0,8).

EBko beste kide handienetan ez da atzeraldi teknikorik izango. Gertu ibiliko da Italia, baina urtea %0,8ko hazkundearekin amaituko du; Polonia %0,4 da haztekoa; Frantzia ,%0,6; eta Espainia, berriz, %1,4.

Langabezia datuek ez dutela okerrera egingo ere aurreikusi du Batzordeak. Iazko urtea %6,1eko tasarekin amaitu zen, inoizko txikiena, eta bere horretan mantenduko dela uste du.

Inflazioa, Europa erdira

Herrialdez herrialdeko langabezia iragarpenik ez du egin oraingoan. Inflazioarenak, ordea, bai, eta hor argi ikusten da datu okerrenak Baltikotik Europa erdialdera igaroko direla. %20ko prezio igoerak gertu izan zituzten iaz Estoniak, Letoniak eta Lituaniak, baina 2023an Hungaria izango da kopuru horretara gehien gerturatuko dena (%16,4).

Oro har, Gentilonik ohartarazi du inflazioaren presioa dela gaur egun Europako ekonomiak duen arazorik handiena. Hortaz, Europako Banku Zentralak politika ekonomiko «murriztailearekin» jarraitzea espero du, eta horrek inbertsioa zailduko du. Alegia, luze gabe behintzat ez da espero interes tasa jaistea.

Luze gabe ez, baina luzera begira ziur asko bai, urteko inflazio iragarpena apaldu baitu: %5,6koa espero du eurogunerako (%8,4, iaz), eta %6,4koa EBrako (%9,2, iaz). Beheranzko bidea izango du inflazioak urteak aurrera egin ahala. Eurogunean, %8,2koa espero du lehen hiruhilekoan, eta %3,2koa laugarrenean. «Badirudi inflazioak goia jo duela, eta halabeharrez gehiago jaitsiko dela iradokitzen du energia merkatuan izandako hobekuntzak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jende andana elkartu da Baionako manifestazioan ©Patxi Beltzaiz

Sindikatuak, Parisera begira

Iñaut Matauko Rada - Ekhi Erremundegi Beloki

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Baionan erretreten erreformaren kontra, eta sindikatuek erran dute borrokan segitzeko borondatea dutela.

Bilboko portuaren azken berriak azaldu ditu gaur goizean Ricardo Barkala Agintaritzako presidenteak ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Bilboko Portuak aurten aterako du kai nagusia hedatzeko lizitazioa

Olatz Silva Rodrigo

Edukiontzien bigarren terminalerako lehiaketa hutsik geratu dela esan du Agintaritzak, eta gehitu du oraindik ez dutela Bilboko Olabarri jauregia saldu

CAFen hidrogeno trena, Canfrancen. ©CAF

CAFen hidrogeno trenak lehen probaldia egin du

Iñaut Matauko Rada

Zaragoza-Canfranc linean egin du lehenengo proba. FCH2 Rail proiektuak 14 milioi euroko aurrekontua du.

Anton Arriola Kutxabaneko presidentea. ©Miguel Toña / EFE

Kutxabankek «ezinbestean» hazi beharra daukala iragarri du Arriolak

Imanol Magro Eizmendi

Bankuko presidenteak azaldu du azken urteetan «lotsatiak» izan direla, eta hazkunderako bi helburu lehenetsi ditu: enpresak eta Espainiako merkatua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...