Itun nuklearra etenda ere, AEBak eta Errusia auziaz hitz egiten ari dira oraindik

Kremlinek nabarmendu du «beharren arabera» trukatuko dutela informazioa. Bielorrusiak eta Txinak su eten bat eskatu diete aldeei

Igor Susaeta - Mikel O. Iribar
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Arma nuklearren kontrolerako AEBekin sinatua zuen itun bakarra eten zuen Errusiak joan den astean, baina atzo Kremlinek nabarmendu zuen armagabetze nuklearraz hitz egiten ari dela oraindik Washingtonekin, horretarako «kanal sekretuak» erabiliz. «Washingtongo iturri ofizialek adierazi dute mintzatzen segitu dugula. Baieztatu dezaket egia dela», adierazi zuen Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak atzo, hango Interfax berri agentziak jaso zuenez. «Beharren arabera, informazioa trukatuko dugu».

Eta Ukrainako gerra konpontzeko Txinaren plana ere aurreko astean plazaratu zuten. Besteak beste, horri buruz hitz egiteko batzartu ziren atzo, Pekinen, Txinako presidente Xi Jinping eta Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenko. Bileraren ondoren argitaratutako adierazpen bateratuan, su eten bat eskatu zieten aldeei, baita negoziazioak has ditzatela ere gatazkari irtenbide politiko bat emateko.

Gerra frontean, atzo, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak aitortu zuen Errusiaren aurkako guda «gogortu» egin dela Donetskeko Bakhmut hiri estrategikoan. Kalez kale borrokatzen ari dira bi aldeak, eta, ondorioz, Kievek erabaki du soldadu gehiago bidaltzea hara. Errusia Wagner mertzenario taldeko kideekin ari da borrokan Bakhmuten, eta horien buru Jevgeni Prigozhinek atzo nabarmendu zuen «bortitza» dela «milaka soldadu ukrainarren erresistentzia». Zelenskiren esanetan, Bakhmuteko borroka irabaztea «oso garrantzitsua» da Donetsk eskualdeko gainerako herrien defentsarako.

Bestalde, Errusiako presidente Vladimir Putinek agindu argia helarazi zion herenegun Defentsa Ministerioari: Ukrainako muga indartzeko. Izan ere, Kremlinen arabera, Ukrainatik zenbait drone jaurti zituzten Errusiara, eta horietako bat Moskutik ehun bat kilometrora lehertu zen. Kievek ez du bere gain hartu gertatutakoa.

Atzo, Sergei Lavrovek ohartarazi zuen Errusiak ez duela berrituko Ukrainako zerealak esportatzeko akordioa —hilaren 18an iraungiko da—, Errusiako nekazaritza produktuei jarritako zigorrak kentzen ez badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.