Estatu Islamikoa zokoratu ostean, erronka da zer egin nazioarteko jihadistekin

SDFek jihadistak aberriratzeko edo nazioarteko auzitegi bat sortzeko eskatu dute. Bihar arteko epea eman diete islamistei amore emateko

SDF Siriako Indar Demokratikoetako milizianoak, igandean, al-Baguzen. KHALIL HOSEEN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Estatu Islamikoa gero eta zokoratuagoa dago Sirian. Jihadistak 400 eta 600 metro koadro arteko eremu batean daude gotortuta, ekialdean, zibilez inguratuta, Irakeko mugatik gertu dagoen hiri batean: Al-Baguzen. SDF Siriako Indar Demokratikoek hiri horren parte bat bereganatu zuten ostiralean, eta, orain, hiriaren ipar-ekidealdeko auzoan babestu dira ekintzaileak, Al-Xeij Hamden. Milizia kurduak dira koalizio horretako indar nagusiak, eta haiek bihar arteko epea eman diete muturreko islamista sunitei amore emateko; bestela, azken borrokari ekingo diote. Bi aldeak negoziazioetan ari dira, baina, nazioartearen babesa duen koalizioak ez ditu jihadisten baldintzak onartu. Deir ez-Zorretik Idlib eskualdera eramatea, muga zeharkatzen uztea, edo basamortuan askatzea dira islamistek ezarritako hiru baldintzak.

EIren gaineko garaipenaren atarian, baina,jihadistekin bat egin zuten eta egun preso dauden nazioarteko ekintzaileekin zer egin, horixe erronka orain. Milizia kurduen arabera, 1.200 «terrorista» daude gaur egun preso euren esku dauden kartzeletan. «Duela bost hilabete 800 jihadista atzerritar genituen preso, baina azken orduetan beste 300 errenditu dira». Milizia kurduek jakinarazi dute Sirian 48 herrialdetako jihadistak daudela. Desplazatutako kanpalekuetan, berriz, jihadistekin bat egindako 550 emakume atzerritar daude, 1.200 adingaberekin. Mustafa Bali SDFetako eledunak jatorrizko herrialdeei eskatu die islamistak aberriratu ditzatela, edo nazioarteko auzitegi bat sortzeko epaituak izan daitezen. Garai batean ehun bat herrialdetatik joandako 30.000 eta 40.000 ekintzailek egin zuten bat muturreko islamistekin.

Trumpen eskaera bera

Donald Trumpen eskaera berretsi dute SDFek. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, larunbatean, txio baten bidez, 800 jihadistak aberriratzeko eskatu zion Europari. « Kalifa Herria erortzear da. Alternatiba ez da ona, behartuta egongo baikara aske uztera». AEBek eta SDFek 2014an egin zuten islamisten kontra elkarrekin borrokatzeko aliantza, kalifa herria aldarrikatu zen urte berean. Ordutik, eremua galduz joan da talde islamista eta orain azkenetan da. Trump, muturreko islamisten gaineko garaipena iragartzeko irrikaz dago, horrela justifikatuko baitu 2.000 soldaduak erretiratzeko abenduan egindako iragarpena.

EI amaitzeak, dena den, ez du esan nahi ez taldearen ideologia eta eragina erabat desagertuko direnik, ez eta gerra bera amaitzear dagoenik. Kurduekin zer gertatuko den, horixe beste galdera bat. Baxar al-Assad Siriako presidenteak ohartarazpena egin die milizia kurduei, haiei zuzenean erreferentzia egin gabe, esan baitu etorkizunean ez dutela izango orain arte aliatu izan dituzten «estatubatuarren» babesa.

Europan, berriz, jihadistak aberriratzeko eskaerari erantzun bat emateko ahaleginean ari dira agintariak. Alemania, erantzukizuna onartuz, prest agertu da islamistak aberriratzeko, baina ohartarazi du prozesua oso konplexua dela. Ursula von der Leyen Defentsa ministroa erronkaz mintzatu da: «Ez dugu nahi EIko borrokalariak askatzea eta kontrolatuak izan gabe itzultzea, baina ezin dugu arriskatu ekartzea eta Sirian eta Iraken egin dituzten krimenengatik epaitzea inongo frogarik eta zantzurik gabe».

Frantziak kasuak «banan-banan» ikertzeko borondatea agertu du. Koen Geens Belgikako Justizia ministroa, berriz, ahalik eta «babes handiagoa eta arrisku txikiena» duen «irtenbide europar» batez mintzatu da, zehaztapenik eman gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.