Nafarroako Gobernuak ere %2,6ko defizita hitzartu du Espainiakoarekin

Uztailean baino hiru hamarren gehiago onartu dizkio Madrilek. Kalkulatutakoa baino ia 540 milioi euro gutxiago jasoko ditu zergetan

Iker Aranburu.
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak hiru hamarren igo du bere defizit muga. Uztailaren amaieran, defizita BPGaren %2,3ra iristeko baimena lortu zuen Madrilen, baina orain %2,6ra igo du muga hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzak hitzartutako defizit bera izango du Nafarroako Gobernuak ere. «Berri ona da», azaldu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta ziurtatu du egoera aldatuz gero Madril prest legokeela beste muga bat jartzeko.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerga bilketaren bilakaerak eta hari buruzko aurreikuspenek aldarazi dute defizit helburua. Izan ere, Ogasun Departamentuak kalkulatu du uste baino 538,6 milioi euro gutxiago jasoko dituela, hau da, 2020ko aurrekontuak dioena baino %13,3 gutxiago. Martxoan, zerga bilketa espero baino %20,2 txikiagoa izango zela kalkulatu zuen Ogasun Departamentuak, hau da, 818 milioi euroko zuloa izango zuela. Nafarroako BPGa 21.300 milioi eurotik gorakoa denez, 550 milioi euroren defizita pilatzeko baimena lortu du.

Erorikoa ez da hain handia izango errenta kanpaina uste baino hobea izan delako, eta BEZa eta zerga bereziak ez direlako espero bezala jaitsi. Abuztura arte, 2.092 milioi bildu ditu Ogasunak, iaz baino %12,6 gutxiago.

Defizita zor publikoa handituta eta iazko soberakina erabilita estaliko du Iruñeko gobernuak, baina izango du beste laguntzarik. Izan ere, Espainiako Gobernuak Covid funtsa sortu zuen erkidegoen ahalegina laguntzeko, eta hartatik dirua jasoko du Nafarroak ere: oraingoz, 88,5 milioi euro eskuratu ditu osasun gastu gehigarriei aurre egiteko, eta beste 29,3 milioi, berriz, hezkuntzan egindakoak estaltzen laguntzeko. Diru bati eta besteari esker, «urtea bukatu ahal izango dugu murrizketarik gabe eta diru sailak blokeatu gabe», agindu du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Hori bera agindu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak ere. Nafarroan baino bilakaera okerragoa du zerga bilketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: abuztura arte, 8.068 milioi jaso dituzte ogasunek, hau da, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino %16,6 gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.