Inaki Galdos
ARKUPEAN

Susmopean

2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gazte-gaztetatik politikarekin zaletu nintzenetik ez dut inoiz lortu garaian garaiko modako etiketa salatzaileetatik libre egoterik. Beti susmopean, hau desgrazia. Kotxerik ez zuen eta berandu arte telefono deiak aldameneko etxean jasotzen zituen familia xume bateko kideak izanda ere, burgesak ginen orduko karnet banatzaileentzat, batek daki zergatik. Beno, agian badakit, agian gure aita zenak Gora Euskadi askatuta bai, baina Gora Euskadi sozialista oihukatzen ez zuelako, hori bekatua. Erregionalistak —edo honen aldaerak— ere bai, hori ere baginen, normalean pakete berean zetozen irainak zirelako, orduko iraultzaile kementsuek guri jaurtiak. Bitxia da ikustea non bukatu duten hamarkada batzuen bueltan horietako askok eta askok…

Alderdi batean militatzen hasi izanak ez ninduen susmoetatik libratu; hori ulergarriagoa da, naturalagoa, militatzeak berarekin dakarren zama. Baina orduan etxe barruko etiketak hasi ziren nagusitzen, bizi genuen giroaren ispilu. Jeltzalea omen nintzelako erabaki zuen ez nuela legebiltzarkide jarraituko orain EAJko mitinetara joaten den orduko gure buruzagiak, eta autonomista nintzelako zegoela nire kontra azaldu zidan orain PSOEko kargua duen orduko alderdikide independentista sutsuak. Euren kontra Arzalluz eta enparauek hamabost urte lehenago erabilitako akusazioa ere erreskatatu zuten batzuek guri aurre egiteko: Bultzagileak, gaiztoen artean gaiztoak. Beste kontu bat zen hitz hori irain gisa ahoz aho zerabilten gehienek jakin bazekiten bultza izatea zer zen, horrela laburtzen zuten hitza.

Horrela, lubakietatik kanpora egonik indultua, homologazioa, erdeinua edo batek daki zer ustez lortua nuenean, hara non nagoen neoliberal bihurtua supituan. Ez dut izan solasaldi bakar bat azken bi asteotan etiketa hori entzun gabe; berriro susmopean, hau nekea. Kontsolagarri gisa edo, argi dezadan ez dagoela aspaldion eztabaidarik gure inguruan norbaitek neoliberal maltzur gisa bukatuko ez duena; ez naiz bakarra, beraz. Esaten duena esaten duela. Komodin ordainezina kalaka orotan txapeldun ateratzeko.

Benetan da larria neoliberalismoaren indarra, agerikoa eta ezkutukoa aldi berean, suntsitzailea eta hiltzailea alor askotan. Aita Santua ere asaldatu du kontuak, fratelli tutti enziklikan adierazi berri duen moduan, eta gure artean izugarri gogoeta interesgarriak irakurtzen ari gara gaiaren inguruan, Euskal Herrian pentsamendu kritikoa osasuntsu dagoen seinale. Kontua da, ordea, ez ote garen ari kontzeptuaren eta hitzaren banalizazio prozesu batean erortzen.

Sarriegi pentsatu izan dugu parekoa etiketa mingarri baten susmopean jarrita helburua ia betea dugula, eztabaida irabazia bai behintzat eta gure balentria burutua. Hainbat eta hainbat etiketarekin gertatu da hori gurean historikoki, eta orain neoliberal hitzak hartu du gaina. Arazoaren neurria ukatu gabe eta erabiltzen den askotan arrazoiz erabiltzen dela ere onartuta, eztabaida asko pobretuta ikusten ari gara, neoliberalismoren akusazio hutsak eskaintzen duen aterkiarekin nahikoa izango dela pentsatzen duelako askok, bai parlamentuetan, bai medioetan, bai sareetan, bai tabernetan. Garai haietan burges, autonomista, bultzagile, identitarioa… nintzela esaten zidatenei erantzuten nien bezala, hasia naiz galdetzen akusatzaileei zertan naizen neoliberala eta zertan ez diren eurak. Zertan garen (hain) ezberdinak, izugarri larria den gai baten inguruan lubakiak eraiki nahi izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.