Errefuxiatuen kanpaleku gehiago jarriko ditu EBk

Greziako bost uhartetan hasi dituzte lanak. Siriara laguntza humanitarioa bidaltzeko 5.300 milioi euro emango ditu nazioarteak

Karatepe errefuxiatu kanpalekua, Lesbos uhartean. VANGELIS PAPANTONIS / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak Greziara iristen diren migratzaileen kudeaketarako duen politikan sakontzeko pausoak eman ditu. Horiek kontinentera mugitu beharrean, errefuxiatu kanpaleku gehiago prestatuko ditu Lesbos eta Kios uharteetan. Horiek Samos, Kos eta Leros irletan egiten ari direnei gehituko zaizkie. EBko Barne komisario Ylva Johanssonek adierazi duenez, Batasunak aurrez ezarritakoa baino 155 milioi euro gehiago bideratuko ditu kanpalekuak egitera; denera, 276 milioi euro. Siriako gerrak eragindako errefuxiatuei laguntza humanitarioa bidaltzeko, berriz, 560 milioi euro, Josep Borrell EBko diplomaziaburuaren esanetan.

EBk eta Greziako Gobernuak migratzaileen giza eskubideen aldeko erakundeen protesta artean defendatu dute proiektua. Izan ere, kanpaleku berriak hesiz inguratuta egongo direla jakinarazi du Notis Mitarakhi Migrazio ministroak, eta migratzaileek ordutegiak izango dituztela sartu eta atera ahal izateko. Horren arrazoia kanpalekuaren eta inguruko herritarren «segurtasuna» bermatzea da, Mitarakhiren esanetan. «Mundu guztiaren pazientziak muga bat du», gehitu du Johanssonek, nabarmentzeko Egeoko uharteetako bizilagunena «euren mugara iristen» ari dela.

Kanpalekuetatik irteteko aukerarik izango ez dutenak Turkiara itzultzeko zain dauden 1.540 migratzaileak izango dira. Hala, Johanssonek Ankarari exijitu dio «berehala hasteko berriz ere migratzaileen itzultzeak onartzen». Mitarakhiren arabera, Turkiatik Greziara iristen diren migratzaile gehienak «ez daude arriskuan» euren jatorrizko herrialdeetan, ezta Turkian ere—EBk «herrialde seguru» gisa onartzen du—. Horregatik, Batasuneko gainerako estatu kideen elkarlana eta Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziaren laguntza ere eskatu ditu, «legez kanpoko migrazioa» eteteko.

Europaren hego-ekialdeko mugetara iristen diren migratzaileetako askok Siria dute jatorrizko herrialde. Hala, EBk eta NBE Nazio Batuen Erakundeak antolatutako Siriaren eta Eskualdearen Etorkizuna Babesteko bosgarren konferentzian, 5.300 milioi euroko dohaintza ekonomikoa egiteko konpromisoa adierazi dute parte hartzaileek, herrialde hartara eta hango errefuxiatuak jasotzen dituztenetara laguntza humanitarioa bidaltzeko. Dohaintza emaileen artean daude, besteak beste, Alemania (1.700 milioi euro), Frantzia (560 milioi),AEBak (508 milioi) eta Erresuma Batua (240 milioi).

Laguntza humanitarioa herritarrengana iritsaraztea, ordea, erronka bat da.Egun, bi bide daude horretarako: Damaskoko gobernuaren eskutik egitea, edo Turkia eta Siria arteko muga pasabideak erabiltzea. Egun, pasabide bakarra dago erabilgarri, iazko uztailean NBEko Segurtasun Kontseiluak adostutakoaren arabera. AEBetako estatu idazkari Antony Blinkenek beste bi irekitzeko eskaera egin du, elikagaiak eta sendagaiak bideratzeko erabiliko direla argudiatuta. Zaila dirudi, ordea, halako zerbait onartzeak, Errusiak eta Txinak euren beto eskubidea baliatu baitute Siriako Gobernuaren interesak defendatzeko. Hala, Moskuren esanetan, Turkiatik iristen diren laguntzek herrialdearen iparraldean kokatutako «talde terroristei» egiten diete mesede.

Garapen beharra

Egoera kontuan izanik, Turkiak, Libanok eta Jordaniak, errefuxiatu gehien jaso dituzten hiru herrialdeek —5,6 milioi inguru—, pauso gehiago emateko eskatu diote nazioarteari. Turkiako Gobernuaren arabera, ezinbestekoa da Siriatik inguruko herrialdeetara iritsi diren errefuxiatuak «euren jatorrizko herrialdera itzultzen» hasteko baldintzak bermatzea. Hala, migrazioaren kudeaketa herrialde bakar batzuen esku uztea eragotzi beharra nabarmendu du, eta EBri eskatu dio 2016an sinatutako migrazio akordioa berritzeko.

Libanoko Gizarte Gaietarako ministro Ramzi Msharrafiehk, berriz, deitoratu du nazioarteko erakundeak gai ez izatea «laguntza humanitariotik garapen jasangarrirako ikuspegi batera eboluzionatzeko». Haren ustez, elikagai eta sendagai dohaintzetatik haratago, beharrezkoak dira eremuko herrialdeek bizi duten egoera ekonomiko ahulari aurre egiteko laguntzak.

Orain, hamahiru milioi herritarrek dute laguntza humanitarioa jasotzeko beharra Sirian, eta hamar lagunetik bederatzi «pobrezia egoeran» daude, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresen arabera. Europako Batzordeko Krisien Kudeaketarako arduradun Janez Lenarcicek azaldu duenez, gainera, oinarrizko produktuen prezioa %236 igo da herrialdean, eta biztanleriaren %60k ez du ziurtatua elikatzeko eskubidea. Izan ere, Siriako ekonomia «suntsituta» dago, Guterresen esanetan, eta COVID-19ak izan duen eraginak «gauzak okertu ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.