ELAk eskua luzatu die EH Bilduri eta Podemosi zerga erreforma eskatzeko

Gaia «erdigunean» jartzeko eskatu die bi alderdiei, eta lau eskaera zehatz iradoki dizkie Euskal Herria «paradisu fiskal» bihur ez dadin

Xabier Zabala ELAko ikerketa taldeko kidea eta Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak lankidetza proposamena egin die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi Hego Euskal Herriko zerga erreformaren eskaera elkarrekin hauspotzeko. Sindikatuak alderdiei eskatu die erreforma «erdigunean» jar dezatela, eta eman diezaiotela «oihartzun instituzionala». Haiei mintzatu zaie Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, eta lau eskaera zehatz egin dizkie Hego Euskal Herria ez dadin «paradisu fiskal bat» bilakatu. Izan ere, sindikatuaren ustez, zergak igotzeak, besteak beste, enpleguak sortzea bultzatzen du, «administrazioa bera gizarte motor bilakatzen duelako».

PFEZaren eta sozietate zein ondare zergen inguruko «premiazko» aldaketa batzuk iradoki dizkie alderdiei, «aurki etorriko diren murrizketei aurrea hartzeko». ELAk bere ikerketa taldeak bildutako hainbat daturekin hornitu du bere eskaera. Esaterako, Hego Euskal Herrian zerga bidez biltzen diren 100 eurotik zazpi bakarrik iristen dira sozietate zergatik. Enpresen irabaziei ezartzen zaien zerga bat da, eta, sindikatuaren arabera, ez da aldatu azken hamar urteetan. Era berean, azaldu du Bizkaian «sozietate zerga erreala» %8,2 dela —beste probintzietan ez dute ematen horrelako azterketa bat egiteko moduko daturik—. Tasa nominala %24 da, eta Bizkaiko Ogasunak onartzen duen tasa erreala, %20,5, baina ELAk dio enpresek ordaintzen duten batezbestekoa askoz txikiagoa dela, kenkari ugariengatik.

Lakuntzak azaldu du EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen atea jo badu «gertutasun ideologiko» bategatik dela, eta beste alderdiak urrun ikusten dituelako. Sindikatuak azken hilabeteetan estu hartu ditu Euskal Herriko ezkerreko alderdiak, baina eskaera honetan tonua leundu duela dirudi. Haiekin aurki biltzea espero du, uste baitu erreformaren eskaerako lehen pausoa uda aurretik eman beharko litzatekeela.

Lakuntzak, halaber, azaldu du ez direla uharte bat, munduan gero eta gehiago direlako enpresen irabaziei zergak igotzearen aldeko ahotsak. «Nik Europako batez besteko fiskalitatea nahi dut, hemengoa baino hamar puntu handiagoa dena. Hala balitz, 5.976 milioi euro gehiago bilduko genituzke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.005 Nafarroan». EBren presio fiskala %40,1ekoa da batez beste; EAEn, berriz, %32,1ekoa, eta Nafarroan, %31ekoa.

Eskaera bultzatzeko asmoz, mobilizazio kanpaina bat antolatu du Zerga sistema iraultzeko unea da lelopean. Lau elkarretaratze iragarri ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan: ekainaren 3rako, Bilbon; ekainaren 4rako, Iruñean; ekainaren 15erako, Gasteizen; eta ekainaren 17rako, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.