Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Baserrialdea

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Herriaren zentroan eliza, inguruan frontoia eta etxe batzuk. Zonbaitetan okina edo beste denda ttipi bat aurkituko ditugu pareten artetik. Han ardiak alhan ikus ditzakegu pentze eta mendi mazeletan. Hori dena plazatik ageri da. Baita arto industriala ekoizteko eremu handiak ere bidetik ageri dira. Nahiz erdigunea aparkaleku bilakatu den urteen poderioz, herri ttikia beti ttikitik ari da. Gentrifikazioak oraindik ez dio bere dinamika propioa guztiz eraldatu egin. Iduri du ez dela prest hortarako, bere zeharbideei eskaintzen diela prozesu askoz luzeago bat. Kinka hortan egonez hiritik datozenei erresistentzia egingo balie bezala, nahigabean.

Internet konexio azkarra xerkatzen zuten bikoteek uste zuten herrixketan ere posible izanen zela; ordea, hain sinple ez zen izan. Zuntza ez da jina, eta pandemian erositako etxeak geroz eta urrunago dirudi Bordeletik. Aldiz, etorri zirenean biziki hurbil iduritzen zitzaien. Mundua gelditu zen denbora labur batez eta lasai egoteko aukera eman zien baserrialdeak. Etxe berri horren ondoko xendra guziak zapaldu zituzten. Atetik mendixka arte ziren hamar bide atzeman zituzten, baita udan bainatzeko erreka gorde eta polit bat ere. Instagramen Bosnia-Herzegovinako Neretva ibaian hartutako argazkiak bezain ur ederrekoak. Hala ere, urte bat pasa ondoren sentsazio ona zena mingarri bihurtu zen. Ezinegona, asperdura eta bakardadea. Gure pareak ez zituen alde txarrak baizik ikusten.

Herriko jende guziek haien bizitza, ia, osorik ezagutzen zuten. Horregatik haien etxebizitzatik ateratzen ziren auzoen begiradatik iheska. Baina funtsean bazekiten debalde egiten zutela eta edonor gai izanen zela haien asteko egitarau osoa (gutti gorabehera) osatzeko. Bereziki Jean-Louis okina, Martta herriko etxe ondoan bizi zen erretretaduna eta Mixel garagista. Hiruki madarikatu horrek bere gisa berriz josten zituelako biztanleen bizitzak. Joan-etorrien mapa osatzeko gai ziren, tenore eta bide hautaketen arabera. Jakin bikoteak ez zituela sekula elekatu! Opresio sentimendua handituz joan zitzaien.

Bordeleko bikotearentzat azken aste hauetan bilana egiteko garaia etorri zen. Herrixkan egon edo hirira itzuli? Pundu onak eta txarrak banatzen hasi ziren. Gauza atseginekin hasi ziren: aire ona, janari ona eta jatetxe onak. Gero zerrendatu zituzten ez egoteko arrazoi nagusiak: autoa gehiegi erabiltzen zen, ez zen optikaririk, jendea ez zen sobera haiekin mintzo eta gauzak antolatzen zituzten deus erran gabe. Baztertuak sentitzen ziren horkoak beren hizkuntzan mintzatzen zirelako eta erritualak zituzten hitzorduetara ez zituztelako gomitatzen. A, eta neguan hotz zen, bereziki umia. Hots, etxea (itsuski kario) saldu zuten eta itzuli ziren Bordelera. Etxearekin egin zuten gainbalioari esker, hiri zentroan erosi zuten apartamentu argitsu bat. Duela bi urte sekula ez zuten pentsatuko holako bizileku zoragarrian biziko zirelaBordelen, zerbitzu eta aisetasun guztien ondoan. Ze luxua.

Maiz(egi) entzun diogu baserrialdeari gorrotoa. Batzuetan ozen eta beste momentuetan isiluneen artetik entzuten den harrabots mutu horien forma hartzen du. Garaian hiriak baserriari gaina hartu zion bizitza duinetarako baldintzak eskainiko zituelako. Industrializazioak, baitageroztik ere hiriek proposatzen zituzten ideien aniztasun eta askatasun lilurek, baserrialdearen husteak bultzatu zituzten. Nolabait pandemiak alderantzizko joera eragin zuen. Itxialdiaren murrizte denboran baserrialdearen aurpegi ederrena erakutsi nahian. Hala ere, indibidualismotik aurkeztutako baserriak ez du balio. Indibidualismoak ez du funtzionatzen herrixken mundu kolektibo horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.