Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Geranio bat loretan

2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Gogoan al duzu norbait hilzorian zela esan zizuten unean zertan ari zinen? Film bateko galdera dirudi, baina egunero gertatzen den zerbait da eta zaila zaigu burutik uxatzen. Zer eguraldi egiten zuen orduan? Nor zebilen zure inguruan? Zer egin zitzaizun nabarmena une hartan? Heriotzarekin topo egiten dugunean ez gaude aurre egiteko prest. Atletismo pistan abiadura bizian korrika egiteko gertu gaudela irudi dugu, baina ortozik harrapatzen gaitu beti.

Tabuen azken muturrei kilimak egiterako bihurritzen da norbanakoa, atzera begira jarrita etorkizunak muturren aurrean zer paratuko dion jakin gabe. Ezinezko hitzek, inposibleak diruditen egoerek edo begien bistan daukagun orainak indarge bihurtzen gaitu, abaila bizian datorrena lehen kolpean ez onartzeraino.

Esatea ere kosta egiten den tabuetako bat da heriotza. Lau silaba indartsu bazain beldurgarri: He-ri-o-tza. Gure barruko harra estu hartzen du hitza ahoskatzeak soilik, buruarekin ezetz esateraino.

Ernalkuntza eta heriotza ei dira gizabanakoaren ziurgabetasuna arrazoitzen duten bi eragile nagusiak: inork ez du ikusten umeki baten sorkuntzaren unea eta inork ez daki azken hatsa ematen dugunean zer gertatzen den. Azken une honentzat teoria aski ezagun eta luzeak ditugu, gure antsietatea lasaitu nahian hartzen edo arbuiatzen ditugunak. Aukera beza bakoitzak hobekien datorkiona.

27 urterekin hil zen Olatz Vazquez argazkilaria. 2021eko irailean izan zen. Urtebete iraun zuen minbiziaren diagnostikoak bitan zatitu zuenetik. Bere lanari eutsi zion eta bere gaixoaldi guztia erretratuz bete zuen. Ez zen izan azukrezko gaindosia emango lukeen ezer: unean unekoa nola bizi zuen kontatzen zuen, arrosa koloreko lainorik margotu gabe. Sare sozialak erabili zituen horretarako; kontatzeko. Ez zuen ustezko positibismoz jokatu, ez zuen inoren onespenik bilatu, bere sortzaile lanarekin jarraitu nahi izan zuen, barrutik bizi zuen hori kanpora islatu nahian. Hil eta urtebetera, bere gaixoaldia nola bizi izan zuen kontatzen duen argazki bilduma plazaratu da. Hasiera ona tabua goxatu nahi duenarentzat: hasieratik amaiera arteko istorioa kontatzen du argazki bidez, liburua erostean jada orrien amaierako spoiler-a argi dugun arren.

Zutabearen hasieran egindako galderak nire buruari erantzuten saiatu naiz:

Telefono bidez jakin izan nuen zure bizitzaren atzera-kontaketak jada zero ugari zituela. Nahi gabe logelatik irten eta lorerik gabeko geranioei begira jarri nintzen. Ez nuen aspaldian erreparatu lorerik ez zutela. Azken hauen bila hasi nintzen malko artean, botanikan ezjakinetan ezjakinenaren moduan. Zerua oskarbi zegoen eta hego haizeak ezinezko formak eman zizkien lainoei. N-1 errepideari begira jarri nintzen konturatu gabe, eta kamioi bat ikusi nuen herria zeharkatzen. Kamioi zuri bat, letrak urdinez margotuta: Primafrio. Hitz hori geratu zait buruan iltzatuta. Pri-ma-fri-o. Honek ere lau silaba ditu. Une batez pentsatu nuen urte berri eguna izanda urrunetik etorriko zela gidatzen kamioi-gidaria, etxekoak goizean goiz utziko zituela lo eta urte berria bakarrik pasatuko zuela. Familiari egingo zion agurrean murgildu nuen irudimena, zure agurrari erreparorik egin gabe.

Agurrik sentikorrenak herioa samurtu zuen ondoren. Munduak bira osoa eman duela dirudi eta astebete ere ez da pasatu. Zuk ez zenuen sare sozialik erabiltzen baina ondo eutsi zenion zure senari gorputzez desagertu zinenean ere. Zure hutsunea betetzeko eskuak falta zaizkigu oraindik baina geranioak ere loratuko dira, maiatza eta iraila bitartean, hego haizeak lore gorriz inguratzen gaituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.