Inaki Galdos
ARKUPEAN

Zerrendak

2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Oraindik ez dakigu—agian berak ere ez— betirako utzi duen Odon Elorzak politika. Alderdiko kide izaten jarraituko duela ere iragarri du donostiarrak —hau ere ez dakigu betirako izango den—, baina badirudi ez dugula gehiago barne ardura batekin edota kargu publiko batean ikusiko. Erabakia berak hartu duen arren, agian beste batzuek denbora gutxi barru hartuko zuten erabakiari aurrea hartuz, pentsatzekoa da sarri izango duela hemendik aurrera oroimin unerik, ondamuaren pizterik, muturra sartzeko gogorik. Izan ere, zaletasun naturaletik hasi eta adikzioan bukatu, ezin uka horrelako arrasto berezi bat sortzen duen jarduera dela politika, bertan urte luzez murgildu diren askorengan.

Badago esparru bat, hala ere, inork inoiz faltan botatzen ez duena, kanpotik askoz ere lasaiago ikusten dena, txutxu-mutxurako joera arin samarrarekin ere bai, onar dezagun bekatua. Udal hauteskundeen atarian herriz herri zerrendak osatzeko lanetan egin beharreko ahalegin neketsu eta itogarriei buruz ari gara, sarri antzu gertatzen direnak gainera. Alkategai nahi dugun pertsona baten ahotik egun gutxian lau ezezko eta lau baiezko entzutea; alkate bati beste legealdi batez jarraitzeko ia belauniko erregutu beharra; bat-batean zerrenda oso bat erori egin denaren berri izatea; hautagaitzak aurkezteko epe legala baino ordu pare bat lehenago badaezpada A, B eta C planak prest izateko ohitura halabeharrezkoa; pertsonen arteko ikusiezin eta betoak. Eta abar luzea.

Gauza okerrera doala diote alderdietako beteranoek, guztietakoek. Salbuespenak salbuespen, gero eta gehiago omen dira legealdi bat edo bitan udaleko zereginetan murgiltzeari ezezko borobilak ematen dizkioten herritarrak, gero eta zailagoa omen da zerrendak osatzea, betiko militante zintzoen eskutik ez bada behintzat. Ez da hau kontu harrigarria, herrigintzaren gainerako esparruetan gertatzen ari den desmobilizazioari begiratzen badiogu. Eta egoera hau azaltzen duen gizartean ematen ari den iraulketaz gain, politikan badaude arrazoi gehigarriak iritsi garen krisi sakonera ekarri gaituztenak.

Orain arte ezagutu dugun alderdien sistema kolokan dagoela ezin ukatu; are gutxiago aipatu sistemaren gehiegikeriek ekarri gaituztela gauden tokira. Susmopean dago bitartekaritzaren demokrazia klasikoa eta gero eta ozenagoak dira eredu berriak esploratzeko aldarrikapen eta saiakerak, nahiz eta ez den frogatu ahalegin horiek hobekuntzarik ekarriko duten. Testuinguru honetan, normala da bitartekari izateko eskaera jasotzen dutenak (zinegotzi eta alkateak, kasu honetan) uzkur bezain iheskor agertzea, azken finean ordezkaritza bera delako gutxiesten dena, bere zilegitasuna ere neurri handi batean zalantzan jartzeraino, formula magiko berrien mesedetan. Horri gehitzen badizkiogu sare sozialen bidez lehen ez bezala egiten den jarraipena, sarriegi gupidarik gabeko jazarpen bihurtzen dena, eta alderdi politikoen ahuldadearen erruz euren ordezkariei garai bateko babes sarea ezin eskaini izana, bistan dago ez dela oso erakargarria horrelako dinamika batean inor inplikatzea. Agortzen ari dira herriaren alde udaletik (ere) lan egitearen garai epiko haiek.

Kontua da, ordea, zer egin daitekeen egoerari buelta emateko. Sarri ematen du alderdiak ere dinamika horretan murgildu direla, beren interesen kontra. Iruditzen zaigu gauza bat dela gabeziak onartzea, bitartekaritzaren demokrazia osatu eta hobetuko duten parte-hartze eredu berriak abian jartzea edota erakundeetatik errealitate berrietara moldatzea, eta beste bat de facto onartzea ziurgabetasunez beteriko eredu alternatiboak proposatzen dituztenen diskurtsoak, alderdiek sortzen dituzten dokumentuetan eta gaiaren inguruan antolatzen dituzten jardunaldietan sumatzen den bezala. Nekez lortuko dute hain beharrezkoak diren alderdiek jende berria erakartzea, udaletara jende asko eramatea, autokritikaren autokritikaz autoflagelazioan erortzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.