Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Pintxo

2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Mediterraneoko kostaldean gertatu zen. Uda uste baino lehenago etorri da ate-joka, eta neguan gordeta zituen garai eguzkitsurako pareoak atera zituen igande goiz partean eta aldarri egin zuen hogei segundoan behin: «Pareoak! Ana, Paula, Kristina, Mari Karmen: pareoak!». Saltzaileak bere merkatu-azterketa propioa egina zeukan eta marketin zuzena erabiltzen zuen eskuetan zituen oihal zati handiak saltzeko.

Ez dakit zenbat Ana, Paula, Kristina edo Mari Karmen egongo ziren jende kopuru handirik gabeko hondartza hartan, baina, nola edo hala, saltzaileak bazekien halako izenen bat esanda emakume baten baino gehiagoren arreta eskuratuko zuela. Saltzaileak bere estatistika propioak eginak zituen eta baita eroslearen generoa argitu ere: antza denez, munduan emakumezkoak gara pareoak erosten ditugun bakarrak.

Estatistiken erreinuan bizi gara, eta maiz kuriosoak bezain tentagarriak egiten zaizkigun albisteak entzuten eta irakurtzen ditugu: pertsona-izenen eraldaketa. Aski ezaguna da duela berrogeita hamar urte jartzen ziren ponte-izenak eta oraingoak izugarri desberdinak direla eta biurteko Mari Karmenik gure ingurua apenas topatuko dugula. Izenen izanak eta historiak ere moda kontuak dira eta une zehatzetan ezagun izan zirenak topa genitzake gure artean: Chenoa izenekoak badira, eta baita telebistan famatu izan zen Jessica Fletcher detektibeari esker izen hori duen neska begi-urdin bat, esaterako.

Pareo saltzailea Euskal Herrian balego izenak aldatuko ote zituzkeen pentsatu nuen baita ere, eta zeintzuk aukeratuko ote zituen. Edurne, Nekane eta Karmele? Betiereko Ane? Inge, Olaia eta Ainhize? Generorik gabeko euskal izenak ere bururatu zitzaizkidan berehala: Ekhi edo Hodei izenek ez dutela genero-erreferenterik eta aspaldion aldarri izaten ari den bezala, euskal izen askok generorik gabekoak izan beharko luketela. Lan handiagoa pareo saltzailearentzat.

Estatistikek, ordea, txakurren izenen ranking berezia ekarri digute azken egun hauetan: desagertu dira gure inguruetatik urteetan ezagun egin zitzaizkigun Argi, Alai edo Xarpa. Max eta Coco dira Hego Euskal Herrian txakur arrei jartzeko izenik gogokoenak, eta Nala zein Luna, emeei ipintzekoak. Gizakien kasuan arrosaren eta urdinaren borroka gainditzen ari garela uste dugunean (Eguberrietako kanpainek, esaterako, zaplatekoa ematen diguten arren), gure maskoten izendegirako ar eta eme kontzeptuak desberdintzen ditugu. Irudika ezazu white terrier zuri motosduna Thor izenarekin edo Lia izeneko rottweilerra. Maskulinitatea eta feminitatea eman nahi dizkiegu lau hankadun lagunei, gustuko dugun izenari generoaren kutsua emanez.

Mediterraneoko kostalde berean eta ordu gutxiko aldearekin, emakume bat bi urte izango ez zituen haurrarekin zebilen hizketan. Euren inguruan txakur bat asperdurak jota etzanda. Emakumeak haurrari txakurraren inguruan hitz egiten zion: animalia polita zela, joan zedila beregana laztantzera eta agurtzera. Kantatzeko ere esan zion (haurra polifazetikoa izan zedin nahiko zuen) eta horretarako errepertorioa ere erraztu zion, doinua ematearekin batera: «Cántale 'Pintxo-Pintxo', maittia!» (Kantaiozu Pintxo-Pintxo, maittia!).

Txakurren izenen aldaketarekin batera eta bere genero bereizketarekin ziurtatu ahal izan nuen Pintto aspaldi hil zela, bere izenaren bustidura lehortu zen egun berean. Izena ondo esan ezin duenak ezin bere txakurrari izen hori jarri. Halako tristura eta belarrietan sartu zitzaidan minarekin itsaso hotzean sartzea ere pentsatu nuen, baina lehortzeko ezer ez nuen eta Pinttoren desagerpena begitandu nuen. Nire izenarentzat ez da oraindik pareorik salgai.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.