ARKUPEAN
Gorbatxoven orbana
Uda-sasoiaren usaina memoriak ondo gorde dit niri ere, buru barnean dugun errepika daitezkeen usainak kaxan giltzarrapoz itxita. Iraungitze-data datorkio udari, eta adio argi-egun luzeei, gau ilunen poztasunerako. Haurra nintzela ilun eta goibel irudikatzen nuen herrialdea zen Sobietar Batasuna. Ez nuen bertan egon zen inor ezagutzen eta inork ez zidan gaizki hitz egin herrialdeari buruz, baina nahikoa eta sobera izan nuen, antza, telebistatik jasotzen nituen albiste ulergaitzetako irudiak ikusita.
Elurra eta hotza urte osoan presente zuen eguraldi makurra erakusten zuten telebistako irudiek; eraikin erraldoiak, auto zaharrak eta beti zapia buruan zeramaten emakumeak. Hori zen Gorbatxoven garaiko nire iruditeria.
Ume garaiko aitortza literarioa ere egin nion Mikhail Gorbatxovi: kopetaren gainaldean zuen orbanari erreparatzen nion telebistan ikusten nuen aldiro eta SESBen maparen antza hartzen nion. Bere herrialdea izugarri maite zuela iruditzen zitzaidan, beste inork ez baitzuen bere agindupean zegoen herrialdea kopetan eramaten. Eta hori zinez erromantikoa iruditzen zitzaidan. Boris Jeltsinen erruz desagertu zen nire iruditeriatik Mikhail Gorbatxov, baina giltzarrapoz itxita dagoen pasa den udan agertu da berriz Perestroikaren aita nire baitara.
Udaren hasieran, eta aurretik ezer sumatu gabe, eskuineko hankako bikian orban gorri bat atera zitzaidan, Sobietar Batasunaren maparen antza zuena. Gorbatxov eta intsektuak etorri zitzaizkidan gogora: lehenengoa irri txikiarekin oroitu nuen eta bigarrenak nire odolaz mozkortuta irudikatu nituen. 90 urteen langa pasata duen Maritxuk kezkaturik begiratu zion nire hankako orbanari, eta, beste askok uste duten bezala, urteen poderioz esperientzian gailentzen den emakumeak kezka agertzen badu: malo.
Hiru bat aste pasa ziren eskuineko hankako Gorbatxovi nire gorputzak estatu-kolpea eman eta desagertu zen arte. Udak aurrera egin zuen, eta, gutxien espero nuenean, Europako beste latitude batean, ezkerreko hankako bikian Mikhail agertu zen berriz. Maritxu eta malo etorri zitzaizkidan burura, eta, alergiaren bat izan zitekeelakoan, aireportuan bertan nire familia-medikuarenean txanda hartzea erabaki nuen: hobe profesional batek alergia hutsa dela esatea, nire baitan Boris Jeltsin dantzan eta Bill Clinton barrez irudikatzea baino.
Sakelako telefonorako egindako aplikazioan Osakidetzan txanda hartzea bideojoko bat bezala da: zauria bada, erizainak artatuko zaitu. Erizainaren esku zaude baita ere sukarra, goragalea, beherakoa edo katarroa izanez gero, eta telefonoz izango da txanda. Hau da hau Perestroika geurea!
Orbana, noski, ezin da telefonoz ikusi, eta, beraz, aplikazioaren bestelako sintomak aukera klikatu nuen. Ondoren bi aukera: telefonoz edo aurrez aurre. Bigarrena aukeratu nuen, batez ere medikuak nire hankak ikus zitzan, Sepp Kussenak balira bezala.
Ezustekoa Gorbatxoven orbanak ohetik jaikitakoan ikustea baino handiagoa izan zen: aurrez aurreko lehen txanda 2024ko urtarrilaren 19rako eskaintzen zidan aplikazioak. Akats bat izango zelakoan nengoen, baina ez, merezitako aitatasun bajan dago nire medikua eta bere ordez ez dute inor ekarri: Osakidetzaren linboan gaude bere pazienteak.
Erizain batek gomendatutako krema emanda, astebete eskasera desagertu zen berriz nire hanka-bihotzeko Mihail. Baina orbanak bere horretan jarraituko balu edo beste zerbait pasako balitz, litekeena da larrialdietara joan behar izatea. Eta neroni bezala beste ehunka edo milaka herritar egon litezke. Eta gero larrialdiak gainezka omen.
Domino piezak botatzea bezala da jokoa: piezak pazienteak eta osasungintzako profesionalak dira. Osakidetzara iraultza omen dator. Hala bedi, baina susmoa dut domino piezekin jolasten direnek aseguru pribatua ote duten.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.