Hitz egin nahi baldin badu itun nuklearrera itzultzeko erantzun dio Iranek Trumpi

Teheranentzat, «umiliazio bat» litzateke orain negoziatzea. Duela egun batzuetako mehatxuen ondoren, elkarrizketa eskaini dute AEBek

Hassan Rohani Irango presidentea, uztail hasieran Suitzara egindako bidaia batean. PETER KLAUNZER / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Donald Trumpek Giuseppe Conte Italiako lehen ministroari harrera egin zion, herenegun, Etxe Zurian. Irani buruz galdetu zioten ondorengo prentsa agerraldian, eta AEBetako presidenteak adierazi zuen «edonoiz», eta elkarrizketarako «aurrebaldintzarik» jarri gabe, bilduko dela Hassan Rohani errepublika islamikoko presidentearekin. «Nahi duenean, ona da guretzat, ona da haientzat, ona da munduarentzat», esan zuen Etxe Zuriko maizterrak. Baina Trumpekin elkartzea ez dago Iranen agenda politikoaren gai zerrendan. Hamid Abulatebi Rohaniren aholkularietako batek atzo nabarmendu zuenez, Teherango eta Washingtongo agintariak mahai beraren bueltan esertzeko, AEBek Irango akordio nuklearrera itzuli beharko lukete aurrena.

Duela hamar egun Iran mehatxatu ondoren egin du elkarrizketarako proposamena Trumpek. 2015ean Iranek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak, Errusiak eta AEBek beraiek sinatutako itun nuklearretik atera zuen bere herrialdea joan den maiatzean, eta zigor ekonomikoak berrezarri zizkion Irani. Trumpentzat, «desastre hutsa» da akordioa, eta, orain astebete esandakoaren arabera, prest dago «benetako akordio» bat egiteko.

Teheranek, ordea, ez du bat egiten AEBerako presidentearen ikuspegiarekin, eta atzo hainbat funtzionariok eman zioten horren berri. Ali Motahari parlamentuko presidenteordearen esanetan, orain Trumpekin negoziatzea «umiliazio bat» litzateke. «Trump ez balitz akordiotik atera, eta Irani ez balizkio zigor ekonomiko berriak ezarri, ez litzateke arazorik egongo AEBekin negoziatzeko», gehitu zuen.

Khamal Kharazi Kanpo Harremanetarako Batzorde Estrategikoaren burua areago joan zen bere adierazpenetan: «AEBekin negoziatu dugun bakoitzean izan ditugun esperientzia txarrak kontuan hartuta, eta, gainera, aintzat hartuz AEBetako funtzionarioek nola urratzen dituzten konpromisoak, normala da proposamenari baliorik ez ematea». Eta Trumpen proposamenari buruzko Teheranen iritzia Abdolreza Rahmanik biribildu zuen: «Ez gara AEBez fidatzen».

AEBetako eta Irango liderrek ia 40 urte daramatzate elkarrekin bildu gabe; hain justu, 1979an iraultza islamikoa egin zutenetik Iranen. AEBentzat, Ekialde Hurbileko egonkortasuna galarazten duen indarra da Iran; gainera, Saudi Arabia eta Israel AEBen aliatuen etsaia da. Petrolio esportatzaile nagusietako bat da errepublika islamikoa, eta, zigor ekonomikoak ezarriz, Iranen diru iturri nagusia itxi nahi dute AEBek.

Iranek dio, berriz, akordio nuklearrean jasotakoa betetzen ari dela, eta, gainera, hori bera baieztatzen dutela IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txostenek.

Tajikistango erasoa

Aurrean eramanda, auto batek lau turista hil zituen Tajikistanen, joan den igandean. Tajikistango Poliziak hasieran jakinarazitakoaren arabera, autoan zihoazenak harremanduta daude Irango Gobernuarekin. Teheranek, baina, akusazio horiek ukatu ditu komunikatu baten bidez. Sobietar Batasun ohiko herrialdeko gobernuak orain dioenez, debekatutako alderdi islamista bat dago erasoaren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.