Jaurlaritzak diru poltsa bat sortu du 'brexit'-ak kalte egin diezaiekeen enpresentzat

50.000 euro eta 500.000 euro arteko maileguak eskatu ahalko dituzte Erresuma Batuarekin negozioak dituzten enpresa txikiek eta ertainek

Pedro Azpiazu eta Pio Agirre, erdian, atzo Bilbon egin zuten aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Brexit-a nola egingo den gaur-gaurkoz ezezaguna da oraindik, eta horrek eragina izan dezake Erresuma Batuarekin harreman komertzialak dituzten enpresetan. Hilabete eskas falta da herrialde hori Europako Batasunetik irteteko data ofizialerako, eta «ziurgabetasun egoera baten aurrean» egonik, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak enpresa txiki eta ertainen beharrak asetzeko neurria aurkeztu zuen atzo: Elkargi berme elkartearekin batera, enpresa txiki eta ertainentzako 25 milioi euroko diru poltsa bat jarri dute eskuragarri. Betiere brexit-aren eraginez likidezia arriskuan eduki dezaketen enpresei laguntzeko finantzaketa eskainiko dute, mailegu forman.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek merkataritza harreman estua dute Erresuma Batuarekin, eta horregatik prestatu dute Jaurlaritzak eta Elkargik diru poltsa hori. 2018an esportazioen bolumena 1.732 milioi eurokoa izan zen, eta laugarren herrialdea da esportazioei dagokienez. Inportazioei begiratuz gero, 756 milioi euroko balioa zuten erosketak egin zizkieten hiru lurraldeko enpresek Erresuma Batukoei. «Horren guztiaren eraginez, pentsa dezakegu Erresuma Batuan dauden enpresek zailtasunak izango dituztela brexit-a egiten denean, eta bertako enpresekin tratuak egiteko orduan egoera zailei egin beharko dietela aurre», Azpiazuren arabera.

Traba horiei aurre egiteko, 50.000 euro eta 500.000 euro arteko maileguak eskainiko ditu Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Institutuaren bidez, eta Elkargiren bermeekin. Jaurlaritzak eta Elkargik kalkulua egin dute, eta gaur egun Erresuma Batuarekin harreman komertzialak dituzten 1.700 enpresa daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 1.200 inguruk betetzen dituzte mailegu horiek eskatzeko baldintzak. Horietatik, 250 inguruk galdegingo dituztela espero dute.

Hiru urterako mailegua

Urteko %1,20ko interes tasa finkoa izango duten maileguak izango dira, eta enpresek hiru urteko epea izango dute Jaurlaritzari dirua itzultzeko. «Arrazoizko denbora tarte bat iruditzen zaigu, izan ere, brexit-ak izan dezakeen eraginari aurre egiteko hiru urte nahikoak lirateke», azaldu zuen Pio Agirre Elkargiko zuzendari nagusiak.

Maileguak eskatzeko epea atzo bertan zabaldu zuten, eta 25 milioi euroak agortu arte eskatu ahal izango dituzte. Dena den, laguntza hori eskatu behar izanez gero, «azken momentura ez itxaroteko» eskatu zien Agirrek enpresetako finantza arduradunei. «Aurreikuspenarekin joka dezaten aholkatzen diegu, eta une oro finantzaketa bermatuta eduki dezatela». Horregatik, «kontrolaezinak» izan daitekeen egoerei aurrea hartzeko gomendatu zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.