Txibitek «konponbidea» emango die amatasun sarien PFEZ atxikipenei

Iristear dauden epaiek erakutsiko dute Nafarroako Gobernuak zein bide jorratuko duen. Urtea amaitzerako hartuko du erabakia

2018ko urrian egin zen amatasun baimenen zerga atxikipenak itzultzeko manifestazioa, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroan ez du atzera-bueltarik amatasun eta aitatasun sariei dagokien PFEZ errenta zergaren atxikipenak itzultzeko erabakiak. Hauteskunde kanpainan neurri hori hartzeko hitza eman zuen Maria Txibitek, eta, orain, Nafarroako lehendakariak esan du egoerari «konponbide bat» aurkituko diotela. Gurasoei esan zien atzo PFEZ atxikipena itzuliko diela modu batera edo bestera.

Atzo goizean bildu ziren Nafarroako Gobernuko ordezkariak amatasun eta aitatasun laguntzen gaineko kargak eragindako guraso taldearekin. Bilera horretan, Txibitek eta haren taldeak adierazi zuten hartu beharreko neurriak epaitegien erabakiek baldintzatuko dituztela. Laster argituko dira egoera salatu dutenen epaien emaitzak —irailaren amaieran egingo dira horietako sei—, eta, argitaratu zuten komunikatuan adierazi zutenez, «epaiak amen eta aiten kolektiboaren aldekoak badira, irizpide horren arabera ezarriko dugu konponbidea». Epaiak pertsona bakarraren alde egiten badu ere, neurriak kolektibo osoari hedatuko dizkiola hitzeman zuen Nafarroako Gobernuak.

Epaiak ez baditu amen eta aiten eskariak onartzen, berriz, dagoeneko lantzen ari diren lege bat abian jarriko duela argitu zuen gobernuak.

Hala ulertu zuen Carmen Azpillagak ere, guraso taldeko bozeramaileak. Esan zuenez, bilera «oso ondo» joan zen, eta Gobernuko kideek «behin eta berriro emandako hitza betetzeko asmoa» erakutsi zieten. «Epaitegien erabakiaren arabera, erraza edo zaila izango da konponbidea aurkitzea, baina urtea amaitu baino lehen iritsiko da».

Itzulketak 26.000 familiari eragingo diela aurreikusi dute, eta 40-45 milioi euroko kostua izango du.

Gizartearen presioa

Espainiako Auzitegi Gorenak 2018an argitaratutako epai batek esan zuen ezin zaiola zergarik ezarri amatasunarengatik Espainiako Gizarte Segurantzak ordaintzen duen laguntzari. Erabakiak ez zuen legezko eraginik Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunetan. Gizarteak egin zien presioak bai, ordea. Hala, EAEko hiru aldundiek osatutako Zergak Koordinatzeko Organoak hartu zuen errenta zergarik ez ordaintzeko erabakia. Azken lau urteetan kontzeptu horretan ordaindutakoa ere itzultzea erabaki zuten foru ogasunek.

Nafarroan, 2012tik dago indarrean amatasun laguntzei atxikitako errenta zerga. UPNk, PPk eta PSNk onartu zuten legea, eta alderdi horiek izan ziren Uxue Barkosen gobernuari atxikipenak itzultzeko presio egin ziotenak ere. Orain, berriz, Txibite azaldu da arazoa konponduko duen agintari gisa. Guraso taldeak 26.000 sinadura bildu zituen, baita manifestazio bat egin ere, iazko urrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.