Albistea entzun

Langile bat hil da Artatzan, aurtengo bederatzigarrena, urtarrila amaitu gabe dagoela

Osalan institutuak argitaratu duen txosten batek dio 2019an 30 behargin hil direla lan istripuz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Istripua Artatzako (Nafarroa) Urederra kanpinean jazo zen, atzo.
Istripua Artatzako (Nafarroa) Urederra kanpinean jazo zen, atzo. FORUZAINGOA Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2020ko urtarrilak 28

2020. urtearen hasiera beltza izaten ari da lan istripuei dagokienean. Joan den astean, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu zuten Hego Euskal Herriko ezbeharren kopurua goraka doala; sindikatuek zenbatutako zortzi hildakoei bat gehiago gehitu zitzaien atzo, Artatzan (Nafarroa).

Foruzaingoak azaldu zuenez, hildakoa Artatzakoa bertakoa zen, eta 55 urte zituen. Behargina Urederra kanpinean lan egiten ari zen, garabi-kamioi batean. Atzo arratsaldera bitarte azaldu ez zituzten arrazoiak zirela medio, garabiko saskia erori egin zen hamar metrotik, eta, ondorioz, langileak kolpe handia hartu zuen buruan; berehala hil zen. Gorpua Iruñera eraman zuten, autopsia egin ziezaioten.

Urtarrilaren 30eko grebaren aldarrikapen nagusien artean azaltzen dira lan istripuei aurre egiteko neurriak. Sindikatuen ustez, ezbehar horien «faktore nagusiak» dira azpikontratazio handia, behin-behinekotasuna eta lan baldintzen prekaritatea. Erakunde publikoen jarrera ere gaitzetsi zuten, lan ikuskaritzena bereziki; salatu zuten ez dutela «behar besteko irmotasunik» agertzen enpresei jarri beharreko eskakizunetan eta zigorretan, eta «agerikoa» dela «kontrolik eta jarraipenik eza».

Osalanen txostena

Salaketa horiei erantzun zien atzo Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak. Bilbon aurkeztu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2019ko lan istripuei buruzko datuak; aurreko urtean baino zazpi hildako gutxiago egon direla nabarmendu zuten: 30 hildako zenbatu zituzten, horietako 26 lan orduetan, eta beste lau in itinere —lanera bidean edo alderantziz—.

Guztira, EAEko langileek 38.995 gaixo baimen hartu zituzten istripuen ondorioz 2019an, joan den urtean baino %9 gehiago; horietako gehienak, ordea, arinak. Larriak 206 izan ziren, eta beharginek 30etan galdu zuten bizia.

Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza kontseilariordeak jardun zuen sindikatuek prekaritatearen eta lan istripuen artean egiten duten loturari buruz. Haren arabera, prekaritatea «hor dagoen aldagai bat da», baina «zorroztasuna» eskatu zuen lan istripuekin lotzerakoan: «Istripu batzuetan badaude prekaritate kasuak, baina, zehatzak izateko, ezin dugu esan kasuen zer ehunekotan». Dena den, azpimarratu zuen gizarteak ezin duela «prekaritatea onartu».

Maria Jesus San Jose Lan eta Gizarte Segurantza kontseilariak, berriz, denborarekin datuak «hobera» doazela nabarmendu zuen: «1990eko hamarkadan, urtean 90 hildako inguru izaten genituen, eta, orain, 30era murriztu dugu kopurua». Datuekin «ez konformatzeko» deia egin zuen.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Iñaki Alkorta. ©Gureak taldea

Iñaki Alkorta hil da, Gureak taldeko presidentea

Jon Ordoñez Garmendia

Taldeko zuzendari izan zen 1977tik 2011ra, eta 2006tik zen presidente. 73 urte zituen.

Guardiako Gil Berzal upategiko mahastietan joan den astean hasi ziren mahatsa biltzen. ©BERRIA

Ebrotik behera ere, urak nahasi

Aitor Biain - Iñaut Matauko Rada

Errioxako upategi txikiek jatorri izeneko kontseilu arautzailetik irtetea erabaki izanak agerian utzi du sor-markaren krisia Arabatik harago doala.

Mahasti bat, Guardian. / ©BERRIA

Mahats bilketan jo eta su

Iñaut Matauko Rada

Mahats bilketa bete-betean daude Arabako Errioxako herriak. Aurtengo uzta irregularra izango da.

Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da. ©Filip Singer / Efe

Euroguneko inflazioa apaltzeak urrundu egin du tasak igotzeko aukera

Iker Aranburu

Eurostaten arabera, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi da abuztutik irailera. Hurrengo hilabeteetan ere apaldu egingo dela uste dute analistek, prezioen igoerak iazko udazkenean jo baitzuen goia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.