Celsa Atlantic-eko langileek ohartarazi dute «alarma egoeran» daudela

Enpresak zortzi behargin kaleratu ditu Araban, baina langileek uste dute balitekeela gehiago izatea. Jaurlaritzarekin bilduko dira asteazkenean

Kaleratzeak salatzeko protesta egin zuten atzo, Gasteizko lantegiaren aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Mehatxua bete egin da. Iragan abenduan iragarri bezala, zortzi langile kaleratu ditu Celsa Atlanticeko zuzendaritzak —garai batean Laminaciones Arregui—, arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Langile batzordeak kaleratzeak salatu ditu, eta adierazi du Gasteizko eta Urbinako lantegien itxieraren mehatxua oraindik ez dela amaitu. «Zortzi izan dira orain, baina baliteke gehiago izatea aurrerantzean», ohartarazi du David Garcia batzordeko lehendakariak. Izan ere, 2012an lan gatazka hasi zutenean 356 behargin ari ziren; egun, 95 geratzen dira. Hori dela eta, «alarma egoeran» daudela ohartarazi dute. Egoera salatzeko, bi orduko lanuztea egin zuten atzo goizean, Gasteizko lantegiaren aurrean.

Kaleratzeak egiteko modua gaitzetsi du langile batzordeak; izan ere, zuzendaritzak oraingoan ez du aurkeztu erregulazio txostenik, kaleratutakoak langileen %10 baino gutxiago direlako. «Erregulazio txostena aurkeztu izan balu, epaiketa posible bati egin beharko lioke aurre. Eta enpresa beldur da berriz ere porrot egiteko». Hain zuzen, Garciak adierazi du zortzi behargin horiek 2012an eta 2015ean ere kaleratu zituztela, baina auzitegiek berriz hartzera behartu zutela enpresa, eta horregatik bota dituztela modu horretan.

Salatu dute, halaber, langile horiek 50 eta 55 urte bitarte dituztela, eta batzuk epe luzeko gaixoaldian daudela. «Horrek zaildu egiten du haien laneratzea». Gainera, kalera botatako beharginak ELA eta LAB sindikatuetan afiliatutakoak dira, eta protestetan parte hartzen ari ziren. «Ezin dugu beste ondoriorik atera: enpresa berriro itzuli da jazarpenera, diskriminaziora eta zigorraren bidera».

Langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte kaleratzeak salatzeko. Asteko bi egunetan bi orduko lanuzteak egiten ari dira hil hasieratik, eta beste egun bat gehituko dute datorren astetik aurrera. Horrez gain, bide judizialari ere ekingo diote: salaketak aurkeztuko dituzte beharginek, modu indibidualean. Izan ere, beldur dira jende gehiago kaleratuko ote duten. «Zuzendaritzak dio ez dituela langile gehiago kaleratuko, baina ez digu ziurtasunik eman. Beraz, baliteke orain erabilitako formula bera erabiltzea 90 egun barru behargin gehiago botatzeko».

Jaurlaritzarekin bilera

Joan den astean bilera bat egiteko eskatu zioten langileek Eusko Jaurlaritzari. Bada, eskaerak jaso du erantzuna: asteazkenean bilduko dira Ekonomiaren Garapenerako Sailarekin. Beste erakunde eta alderdi politiko batzuekin ere hitz egiteko asmoa iragarri du Garciak, halaber. Lantegien bideragarritasuna bermatzeko neurriak eskatuko dizkiete. «Enpresak ez du etorkizuneko planik; ez dute asmorik inbertsio gehiago egiteko, ezta produktuak dibertsifikatzeko nahirik ere. Gauzak aldatu ezean, gure egoera okerrera joango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.