Agoizko langileek greba egunekin erantzungo diote Siemens Gamesari

Manifestazio batera deitu dute, hilaren 11rako, Iruñean. Lantokia errentagarria dela eta urtebeterako lana zutela nabarmendu dute

Siemens Gamesako Agoizko lantegiko langile batzordeko kideak, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Greba luze baten atarian dago Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa lantegia. Multinazionalaren zuzendaritzak fabrika ixteko asmoa du, eta han aritzen diren 239 langileak kaleratzekoa. Kontratu guztiak hausteko erregulazio espedientea eskatu du, eta datorren asteazkenean hastekoak dira negoziazioak. Langileen ordezkariek iragarri dute greba egunak egingo dituztela kontsulta horiek iraun bitartean —hilabete bateko epea dago kaleratzeen baldintzak adosteko—. Langile batzordean sei ordezkari ditu ELAk, lau LABek, bi UGTk eta bakar bat CCOOk.

[YouTube]https://youtu.be/trHDPnoHrds[/YouTube]

Langile batzordeko ordezkariak Agoizko lantegiaren aurrean bildu ziren atzo itxiera iragarpenaren ondoren egin nahi dituzten urratsak iragartzeko. Greba ez ezik, manifestazio bat ere antolatu dute uztailaren 11ko 18:00etarako, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Agertzeko deia egin diete herritarrei: «Ziur gaude Agoizko Gamesa ez ixtea lortuko dugula».

Nafarroako ordezkari politikoekin bilera sorta bat egitea ere eskatu dute. Maria Txibite lehendakariarekin elkartu nahi dute, baita Unai Hualde Parlamentuko presidentearekin, Arartekoarekin eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoekin ere.

Langileen ordezkariek ukatu egin dute enpresak fabrika ixteko erabilitako argudioa, hau da, ez dela errentagarria. «Deslokalizazio hutsa eta gogorra da. Ez da galerak dituen enpresa bat, baizik eta diru asko irabazten duena eta are gehiago irabazi nahi duena gure etorkizuna eta gure familiena axola gabe».

«Ez dugu hitz politik nahi»

2021eko irailera arteko lan karga bermatua zutela ziurtatu dute. «Gure lantokiak hamar urte baino ez ditu, eta oso lantoki lehiakorra da. Produktibitate eta kalitate maila handiak ditu, eta, gainera, pala eredu handiagoak egiteko eta egokitzeko gaitasuna dugu». Hain zuzen ere, enpresaren argudioetako bat da pala txikiagoak egiten dituztela Agoitzen, eta handiagoak esportatzeko arazoak izango lituzke, «200 kilometro baino gehiagora» dagoelako portua. Bilbotik esportatu izan ditu palak Siemens Gamesak.

«Aitzakiak» dira horiek, langileen iritziz. «Ixteko benetako arrazoi bakarra eskualde oso baten etorkizuna sakrifikatzea axola ez zaion multinazionalaren eskrupulu falta eta zekenkeria da, enpresa honek lehenago Nafarroan Altsasuko, Tuterako, Imarkoaingo edo Olatzagutiko lantegia itxi zuenean erakutsi duen jokamolde bat».

Langile batzordeak ziurtatu du Siemens Gamesa «diru publiko asko» jaso duela, eta, horregatik, uste dute erakundeek gogor egin behar dutela presio. «Ez dugu nahi hitz politik eta elkartasun faltsurik gure agintarien eta gure erakundeen aldetik. Egitateak nahi ditugu, eta benetako konpromisoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.