mikel elorza
ARKUPEAN

Alzheimer historikoa

2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Paul Eluardek poema eskaini zion, Zure izena dut idazten, eta hitza ebakitzean ere emoziona zintezkeen: Askatasuna (gramatikalki behar ez zuenean ere letra larriz idatzita). Emoziona zintezkeen; gaur egun jada ez duzu, ozen oihukatuagatik ere, urdailean atximurkarik sentitzen. Hitz joker horietarik bat bilakatu bat da. Espainian Isabel Diaz Ayusok eta euren inguruak marka bihurtua dute, Frantzian Zemmourren kideen otarrekoa da egunotan, baina aspaldi xamar dator perbertsioa. Askatasuna da aitzakia perfektua erreforma sozialen aurka egiteko, kutsadura garbitzeko, negazionismoa justifikatzeko, ustiaketa oro legeztatzeko... zernahitarako. Askatasunaren izenean, gaur egun dena da libre. Garai batean, norberaren askatasuna amaitzen zela hurkoaren sudurrean, esaten zen, handik aurrera hurkoarena zela. Gaur egun hurkoa desagertu egin da ekuaziotik, inporta duena norbera da. Zilborra bihurtu dugu giza organurik garrantzitsuena.

Eta pixkanaka hitzei kariñoa galtzen diezu. Nire inguruan beti izan du pisua esanahiak, sinboloak, hitzen aurki eta ifrentzuak. Semiotikaren lokatzetan uxarka ibili zale gara, semiotika hitzak berak zer esan nahi duen oso ondo jakin gabetanik ere. Eta askatasuna hitza pandemia hasieran erositako musukoa baino erabiliagoa geratzen ari da, maiztua dago, kolorgetua, litsak egin zaizkio... Alegia, hori esan edo ezer ez esan, oso antzekoa dela.

Hitz batzuen monopolioa aldarrikatzen ote dudan? Bada bai, zer arraio! Jose Maria Aznarrek Bertolt Brechten hitzak ekartzen ditu hizpidera, Angela Merkelek Nina Hagenen kantua sartzen du bere despedidako playlist-ean eta bakarrik falta zaigu Donald Trump armairutik jalgi eta queer diskurtsoak aldeztea. Ezta pentsatu ere!

Antzeratsu nabil memoria hitzarekin. Urte asko eman ditut nolabait memoria historikoaren auziarekin konprometitua esateko modu bat da, konpromiso hitza ere gero eta elastikoagoa da, baina azkenaldian nagi gero eta handiagoa ematen dit hitzak, askotan memoria ahaztu egin nahi dut. Euskal Telebistan dokumental saio bat ematen dihardute Memoria eraikiz izenekoa, eta izenak berak erakusten du herri honetan aspaldian hartu dugun deriba bat: etorkizuna beharrean, iragana eraikitzen dugu. Historia ezagutu behar dugula errepika ez dadin? Bai zera! Historia ezagutu behar dugu jakiteko hona nola iritsi garen eta batzuk zergatik ez diren iritsi. Eta errepika ez dadin batzuetan txarra ez garai batzuetakoak berriro bizitzea, egin behar dena da hurrengo eraikuntza lanetan lehen kapataz ibilitakoak pioi jarri, eta kapataz berriekin aritu, eta ahal dela batere gabe.

Programara itzulita, inork lepora diezadake molestatzen nauena dela batzuen azioak azaleratzen direnean egiten didala traba memoriak, nahiago dudala gauza batzuk ez gogoratu. Ez horixe. Kuneta guztiak eguzkitara ateratzearen aldekoa naiz, itzalean bizi izan direnak bezala, itzalak jarraituta bizi izan direnak ere argitara ateratzearen aldekoa. Baina argi izan dezagun, askatasunarekin bezala iraganarekin, batzuk goian egon direla, eta beste batzuk behean.

Boterean dagoela marra.

Eta boterean dagoenak edo egon denak mendean dagoenaren kontzeptuak, sinboloak, esanahiak baliatzen dituenean, hala deklaratzen badu ere, ez ditu partekatu nahi, ez dabil berdintasunaren izenean. Bere egin nahi ditu, lapurtu egin nahi ditu, mendean dagoena gabe utzi nahi du. Alzheimer historikoa eraiki nahi du.

Eta handik aurrera bakoitzak nahi duena gogora dezala, nahi duena egin dezala, aske eta alai... eta denak batera zein ederra izango den kantatzen. Gora Euskadi kaskatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.