Migratzaileei jazartzeko taldeen erasoak gaitzetsi ditu Ramaphosak

Hegoafrikako presidenteak apartheidarekin parekatu ditu gertakariak. Joan den astean su emanda hil zuten Zimbabweko herritar bat

Mozambikeko emakume bat, indarkeria arrazistatik babesteko kanpaleku batean, Johannesburgon. KIM LUDBROOK / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Migratzaileen kontrako diskurtsoa eta jarrerak gogortu egin dira azken asteetan Hegoafrikan, eta herritar talde batzuek paperik gabeko migratzaileei jazartzeko sarekadak antolatu dituzte herrialdeko zenbait hiritan. Etxez etxe ibili dira atzerritarrak zirela uste zutenei dokumentazioa eskatzen, hainbat negoziotan bertako langileen jatorriari buruzko datuak exijitzen edota kanpotarrenak diren saltokietan horiek ixteko presio egiten, mehatxuekin. Talde horietako batek indarkeria muturreraino eraman zuen joan den asteazkenean: Zimbabweko herritar bat hil zuten. Jipoitu egin zuten, eta su eman zioten ondoren. Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak gertaerak gaitzetsi zituen, eta halakoek gizartean eragin ditzaketen ondorioez ohartarazi zuen, astelehenean argitaratu zuen eskutitz ireki batean. Migratzaileen kontrako indarkeria apartheidak beltzen kontra erabili zuenarekin parekatu zuen.

«Atzerritar izate hutsagatik gaizkiletzat jotzen diren horiei eraso egitea ez da abertzaletasun keinu bat. Immorala, arrazista eta kriminala da. Azkenean, xenofobiara eramaten du», adierazi zuen. Presidentearen iritziz, indarkeria bera erabili zuen apartheid erregimenak, herritar beltzak beren larruazalaren koloreagatik sistematikoki susmagarri bihurtu eta beren burua identifikatzera behartzen zituenean. «Ezin dugu baimendu berriro halako bidegabekeriarik».

Ramaphosak gaineratu du arriskua dagoela gaur egun Zimbabwe, Mozambike, Nigeria edo Pakistango migratzaileen kontra bideratzen den amorrua bihar «elkarren aurka» ere hedatzeko.

Lanpostu lapur eta gaizkile

Elvis Nyathi zuen izena migratzaileen kontrako talde batek joan den asteazkenean hil zuen zimbabwetarrak. 46 urte zituen, eta Diepslooten bizi zen, Johannesburgo ondoko herri batean. Hil zuten egunean, protestak izan ziren Diepslooten. Ehunka herritar kalera irten ziren, kriminalitate tasak gora egin duela salatzeko. Aurreko asteburuan, zazpi bizilagun erail zituzten bertan, eta manifestariek dokumenturik gabeko migratzaileei egotzi zieten krimen horien eta delituak ugaritu izanaren erantzukizuna.

Hegoafrika gizarte desberdintasun handienetakoa duen herrialdea da munduan, aberastasunaren banaketari dagokionez, eta egoera ekonomiko makurrean dago, %35etik gorako langabezia tasarekin. Kualifikazio baxuko lanpostuak lortzeko lehia handia da klase pobretuen artean, eta migratzaileen kontrako taldeek atzerritarrei leporatzen diete bertakoei lanpostuak kentzea. Baita osasun zerbitzu publikoa kolapsatzea, gizarte laguntzak bereganatzea eta gaizkile izatea ere.

Hegoafrikan izan dira aurretik migratzaileen kontrako bortxa oldeak, baina oraingo honetan bada beste elementu gehigarri bat jazarpenari eremu publikoan zilegitasuna aitortzen diona: zenbait politikari ezagunek etsaitzat jo dituzte atzerritarrak beren diskurtsoetan, eta horiek arlo batzuetako lanpostu eta laguntzetatik baztertzeko neurriak hartu dituzte. Poliziak, berriz, baimendu egin ditu dokumentaziorik gabeko migratzaileak «ehizatzeko» herritar taldeek antolatu dituzten sarekadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.