Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko muga ireki dute, zazpi urteren ondoren

Lurreko eta aireko merkataritza trukeetarako erabili ahal izango da. Bi herrialdeak harreman diplomatikoak berreskuratzeko bidean daude

Kolonbiako eta Venezuelako herritarrak muga zeharkatzen, Francisco de Paula Santander zubitik, atzo. RAYNER PEÑA R. / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Adiskidetze prozesuaren lehen pausoak eman dituzte Kolonbiak eta Venezuelak. Zazpi urteren ostean, berriro posible izango da autoz bi herrialdeen arteko muga igarotzea, eta merkataritza trukeetarako baimenduta egongo dira alde batetik besterako joan-etorriak.

Bi herrialdeen arteko harremana etenda egon den urte hauetan, oinezkoentzako igarobide gisa soilik erabili ahal izan da bi herrialdeen arteko muga. Izan ere, Venezuelako presidente Nicolas Madurok 2015ean debekatu zuen ibilgailuen joan-etorria, anbulantziak eta hileta orgak salbu.

Atzotik, ordea, Simon Bolivar zubia Cucuta (Kolonbia) eta Tachira (Venezuela) lotzen ditu eta Francisco de Paula Santander zubia —Cucuta (Kolonbia) eta Ureña (Venezuela) lotzen ditu autoz zeharkatu ahal dira. Bi horietan baimenduta egongo da gauean karga igarotzea; hots, 19:00etatik 06:00etara. Hala ere, egunean zehar oinezkoentzako pasabide gisa mantenduko dira.

Lurreko pasabideaz gain, airez ere lotuta egongo dira Kolonbia eta Venezuela. Atzo aireratu zen Caracas eta Bogota arteko lehen hegaldia, Turpial Airlines aire konpainiak antolatuta. Abenduaren 30era arte, 27 hegaldi antolatu dituzte, eta aire konpainia gehiago zerrendara gehitu zain daude.

2.200 kilometro luze da muga hori, eta pasabidea Hego Amerikako aktiboenetako bat izan da 2015ean itxi zuten arte. Esaterako, 2008an 7.000 milioi dolarretik —7.252 milioi euro— gorakoa izan zen Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko merkataritza trukea. Bi herrialdeen arteko tirabirak areagotu ostean, baina, azken urteetan behera egin dute kopuru horiek. 2020an erregistratu zuten orain arteko kopururik txikiena: 222 milioi dolar —230 milioi euro—.

Zazpi urteko etena

Madurok 2015ean igarobidearen gaineko debekua ezarri ostean, 2019an hautsi zituzten Kolonbiak eta Venezuelak beren arteko harreman diplomatikoak. Orduko presidente Ivan Duqueren gobernuak Juan Guaido oposizioko burua Venezuelako presidente gisa onartu izanak eragin zuen behin-behineko haustura hori.

Iragan abuztuan, Kolonbiak gobernua aldatu zuen, eta, orduan, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak adosteari ekin zioten berriro. Kolonbiako Merkataritzako, Industriako eta Turismoko ministro German Umañak atzo adierazi zuen Kolonbiako Gobernuak «itxaropen eta fede handiarekin» hartuko duela mugaren irekiera.

Herritarrek ere pozez hartu dute muga ireki izana. Hala ere, Efe berri agentziari hainbat biztanlek esandakoaren arabera, oraindik hainbat kontu «airean» daudela uste du gehiengoak. Ez Madurok eta ezta Kolonbiako presidente Gustavo Petrok ere ez dute xehetasunik eman irekieraren baldintzen inguruan.

Halaber, herritar askok adierazi dute Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko «muga guztiz irekitzea» nahi dutela, eta, besteak beste, bi lurraldeetako agintariei eskatu diete «merkataritzarako garraioaz gain garraio publikoaren zerbitzua ere itzultzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.