Indiako Gobernuak armada bidali zuen herenegun Manipurrera, Myanmarrekin muga egiten duen estatura, zenbait etniaren arteko liskar baten ondorioz eskualdean piztu diren protesta bortitzak baretzeko, eta hirian «legea eta ordena» lehengoratzeko asmoz. Are, Asiako herrialde horretako agintariek neurri zorrotzago bat ere hartu zuten manifestarien aurka: Indiako indarrek eskumena izango dute «aldez aurretik abisurik eman gabe» jendetzaren kontra tiro egiteko. Etniek elkarren aurka egindako erasoetan gutxienez bost pertsona hil dira, eta 9.000 herritarrek baino gehiagok alde egin behar izan dute etxetik.
Liskarrak Manipurgo Auzitegi Nagusiak apirilaren 20an emandako epai batean du jatorria. Meitei etnia —estatuko biztanleriaren %50 baino gehiago ordezkatzen du— kasten zerrendan sartzeko eskatu zion auzitegiak Manipurgo alderdiari. Estatus horrek, zehazki, hainbat onura emango lizkioke meitei herriari; hala nola baso lurretan landatzeko eskubidea izatea, bankuetan kostu txikiko maileguak eskuratzea, eta osasun eta hezkuntza azpiegiturak edukitzea.
Erabaki horrek, ordea, haserre olatua eragin zuen gainerako tribu taldeen artean. Kritikatu zutenez, meitei etniari estatus berezi hori emateak «deuseztatu» egingo ditu komunitate txikiek dituzten «abantailak». Herriek diote meitei komunitatea izatez «aberatsa» dela eta pribilegio gehiago ematea ez litzatekeela «bidezkoa» izango.
Auzitegiaren ebazpenaren ondoren, gainerako etnietako kideek protestak antolatu zituzten. Azken asteetan, gainera, mobilizazioak ugaritu eta gogortu egin dira, harik eta herenegun naga eta kuki komunitate natiboen aldeko Manipurgo Tribuetako Ikasle Guztien Sindikatuko (ATSUM) kideek eta meiteikoek elkarren aurka egin zuten arte. Indarkeria zurrunbilo horretan, manifestariek hainbat eraikin erre dituzte; besteak beste, elizak eta janari dendak. Horiek horrela, gutxi gorabehera 10.000 lagun ebakuatu dituzte, eta Manipur inguruko beste estatu batzuetako erakunde publikoetan errefuxiatu dira.
Bide horretan, Indiako armadak «abisurik eman gabe» tiro egiteko agindua jaso du, «ohartarazpenak eta justifikatutako indar erabilpenak eraginik ez duten muturreko kasuetan», Times of India egunkariak jasotakoaren arabera. Horrez gain, gobernuak etxeratze agindua ezarri du estatuko hainbat eremutan, baita Internet zerbitzua eten ere.
Lasaitasunerako deia
Manipur taldeko gobernuburu Biren Singhek lasaitasunerako deia egin zien herenegun bi etnietako kideei. Twitterren egindako adierazpen batean azaldu zuenez, liskarrak «bi komunitateen arteko gaizki-ulertu baten ondorio izan dira, eta arazoa konponduta dago jadanik».
Antzera mintzatu zitzaion Churachandpur barrutiko magistratu Sharath Chandra Reuters berri agentziari: «Tentsio handia bizi dute, baina komunitateko buruzagiek elkarrizketa prozesu batean parte har dezaten saiatzen ari gara». Dena dela, Manipurgo herritarrek behin baino gehiagotan kritikatu dute estatuko gobernuaren kudeaketa txarra.
Indiako armadari agindu diote «abisatu gabe tiro» egiteko Manipur estatuan
Epai baten ondorioz, istilu larriak izan dira Manipurgo etnien artean, eta bost pertsona hil dira. Etxeratze agindua ezarri dute zenbait eremutan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu