Gasolioa ia lau zentimo garestituko da gobernuaren zerga aldaketak eraginda

Espainiako Ogasunak dio hilero 3,3 euro gehiago gastatuko dituela urteko 15.000 kilometro egiten duenak oso zaharra ez den autoaz

Kontsumitzaile bat erregai depositua betetzen. BERRIA.
xabier martin
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak gasolioaren zergan egingo duen aldaketari zenbakiak jarri dizkio Ogasun ministro Maria Jesus Monterok.Mila litro erregai kontsumitzeak 38 euroko igoera eragingo dio kontsumitzaileari. Beste modu batera esanda, ia lau zentimo igoko da gasolio litroa: 3,8, hain zuzen. Hamar urte baino ez dituzten dieselak kontuan hartuz atera du Madrilek kalkulu hori. Hilero 3,3 euro gehiagoko gastua aurreikusi du Espainiako Ogasunak urtero 15.000 kilometro egiten dituzten autoentzat.

«Espero dut kontsumitzailearen patrikan ez izatea eragin handirik», esan du Monterok RNE irratian; «aletxo bat izango da gure bilobek planeta berde batekin gozatu ahal dezaten». Ministroak berretsi du dieselaren igoerak ez diela eragingo garraiolariei; sektore hori salbuetsi egingo du gobernuak.

Edonola ere, gasolinaren eta gasolioaren salneurrien aldea modu esanguratsuan murriztuko da luze gabe. Gasolinaren batez besteko prezioa 1,35 euro zen atzo Hego Euskal Herrian; dieselarena, 1,26 euro. Igoeraren lau zentimo gehituz, 1,30 euro inguru litzateke. Orain, bederatzi zentimoren aldea dago; igoerarekin, bosten aldea izango litzateke.

Auto salmentek azken hilabeteetan islatu duten gasolinaren aldeko hautua indartuko luke aldagai horrek. Batez beste hamar urtean finkaturik dago diesel autoa erostearen konpentsazioa urtero 20.000 kilometro eginda—diesela 2.000 euro inguru garestiagoa da batez beste modelo bereko gasolina baino —; bada, aurrerantzean urte gehiago beharko dira erosketa garestiagoa konpentsatzeko.

Argindar merkeagoa

Erregaiaren zerga ez da Pedro Sanchezek igoko duen zerga bakarra. Monterok esan du bankuek zergetan pagatzen duten kopurua handitzeko asmoa duela, eta bi bide aztertzen ari direla horretarako. Lehena litzateke salerosketei zerga berri bat ezartzea, eta bigarrena sozietate zergan pagatzen duten tasa igotzea. «Batera edo bestera, bankuek ahalegin berezi bat egin beharko dute 2019an», esan du Ogasun ministroak. Erantsi du bankuekin batera lantzen ari direla ahalezko zerga igoera horiek.

Argindarrari dagokionez, zerga jaitsiera iragarri zuen Madrilgo gobernuak, atzo, ekoizpenaren %7ko zerga zerora eramanda. %2 inguruko jaitsiera ekarri beharko luke horrek fakturan, azken urteetako garestitzea apur bat apaltzeko; Montero ministroak ohartarazi du ogasuna «begira» egongo dela. Halaber, berretsi du energiaren zerga hori bertan behera uzteak 1.000 milioi euro biltzea eragotziko diola Ogasunari.

Ez du azaldu, ordea, zenbat gehiago bilduko duen aurten CO2 igorpenen prezioaren gorakada handiarengatik; adituek diote gorakada horrek osorik konpentsatuko duela energiaren ekoizpenaren zergan galduko dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.