Estradizioen legea «hilda» dagoela adierazi du Hong Kongeko gobernuburuak

Carrie Lamek esan du polizia gehiegikeriak ikertuko dituela. Ikasleen sindikatuak ez dira gobernuburuarekin bilduko atxilotuak askatu arte

Carrie Lam prentsaurreko batean, atzo, Hong Kongen. VIVEK PRAKASH / EFE.
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak estradizioen legeproiektua «hilda» dagoela esan zuen atzo, baina ez zuen argi utzi gobernuak neurri hori behin betiko alde batera utziko duen edo ez: «Oraindik ere gobernuaren zintzotasunari buruzko zalantzak daude, eta lege proiektua berrabiarazteak beldurra sortzen du. Horregatik, errepikatzen dut ez dagoela inolako planik». Gobernuburuak aipatu zuen ikerketa batzorde batek Poliziaren gehiegikeriak ikertuko zituela, azken hilabetean zehar egin diren manifestazioen harira. «Azken hilabete honetan gertatutako guztiari buruzko datuak eta emaitzak argitaratuko ditugu, eta manifestatzaileek zein poliziek aurkeztu ahalko dituzte probak», azaldu zuen.

Hong Kongeko herritarrak kalera atera ziren ekainaren 9an, estradizioen legearen aurka egiteko. Izan ere, Hong Kongeko Parlamentuak lege proiektu hori onartuko balu, edozein iheslari Txinara estraditatzeko aukera izango luke, eta horrek Hong Kongek Txinarekiko duen menpekotasuna handituko luke. Herritarrek ez dute nahi 1997. urtean Hong Kongi onartu zitzaion estatus berezi hori kentzea. Herrialde bat, bi sistema eredua sortu zuten Hong Kongeko eredu kapitalista Txina bezalako herrialde komunista batekin bateragarria izan zedin.

Herritarrek zenbait manifestazio egin dituzte. Honako hauek izan dira nabarmenenak: ekainaren 9an egindakoak zatiketa handia sortu zuen gizartean, eta milioi bat manifestatzailek parte hartu zuten. Ekainaren 12an, dozenaka milaka pertsonak parlamentuaren sarrera blokeatu zuten. Poliziak negar-gasa eta gomazko pilotak erabili zituen jendea sakabanatzeko, eta jokaera horrek sumindura olatu handia sortu zuen gizartean. Bi manifestazio horien ondoren, Lamek lege proiektua behin-behinean alde batera uztea erabaki zuen iragan ekainaren 15ean. Ez zen nahikoa izan; izan ere, hurrengo egunean Hong Kongen inoiz izan den manifestaziorik handiena antolatu zuten, eta bi milioi manifestatzailek baino gehiagok parte hartu zuten.

Gobernuburuak barkamena eskatu zien herritarrei, eta egunik jarri gabe baztertu zuen lege proiektua, baina Giza Eskubideen Fronte Zibilaren arabera, barkamena eskatzea ez zen «nahikoa» izan, eta manifestazio gehiago egitea erabaki zuten. Lameren dimisioa eskatu zuten.

Protesta horien guztien ondorioz, Lamek pauso bat atzera egin zuen atzo, baina Giza Eskubideen Fronte Zibilaren ustez, «lege proiektua akabatuta dagoela esateak ez du ezer esan nahi legeriaren ikuspuntutik», eta gobernuburuak legea behin betiko «baztertu» duela ziurtatu nahi dute.

Askatasunaren zain

Joan den igandeko gonbidapenaren ondoren, ikasleen sindikatuetako buruek Lamerekin biltzeari uko egin zioten atzo berriz ere. Ikasleek argi utzi zuten bilera onartzeko derrigorrezko bi baldintza bete beharko dituela Hong Kongeko gobernuburuak: «Gizartearen hainbat sektoretako pertsonak gonbidatzea, eta azken manifestazioetan atxilotu dituzten pertsonak askatzea».

Ikasleen sindikatuen ustez, Lameren gonbidapena ez da batere «zintzoa»izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.