Bolivian bozen bigarren itzulia egingo dute presidentea aukeratzeko

Behin-behineko emaitzen arabera, oposizioko Carlos Mesak aurrea hartu dio Evo Morales jarduneko presidenteari: %43-41

ander perez zala
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Boliviako hauteskunde batzordearen behin-behineko emaitzen arabera, herrialdeko presidentea aukeratzeko bigarren itzulia egin beharko dute abenduaren 15ean. Atzoko Euskal Herriko 22:00etarako botoen %47 zenbatuak zutela, oposizioko Carlos Mesak aurrea hartu zion Evo Morales jarduneko presidenteari, boto gutxirengatik: % 43,4-41,5.

Falta ziren botoak batzordetik urrutien daudenak dira, batez ere mendietakoak, eta aurreikusten da horiek gehienbat Moralesentzat izatea, Mesa gainditzeko behar adina izateraino. Ordea, ez lirateke nahikoa izango bigarren itzulia saihesteko, hautagai batek botoen erdiak baino gehiago lortu behar dituelako horretarako, eta, gainera, boto gehien jaso duen bigarren hautagaiari hamar punturen aldea atera behar diolako. Atzoko joera kontuan hartuta, bi baldintza horiek ez lirateke beteko.

Moralesek hiru legealdi egin ditu herrialdeko presidente karguan, eta, laugarren agintaldira aurkezteko, konstituzio aldaketa onartu zuen Boliviako Parlamentuak; herritarrek, aldiz, horren aurka bozkatu zuten 2016ko erreferendumean —%51—, baina jarduneko presidenteak ez zuen emaitza errespetatu.

Moralesen higaduraren neurgailu bilakatu ziren herenegungo hauteskundeak. Duela lau urte botoen %63 jaso zuen, eta, babesa txikitu zaion arren, hazkunde ekonomikoa eta egonkortasun soziala bilakatu dira haren alde egiteko faktorerik erabakigarrienak.

Iruzur salaketak

Oposizioak eta Amerikako Estatuen Erakundeak atzo salatu zuten botoen zenbaketa ez zela gardena izaten ari, datuak une luze batez ez zirelako eguneratu. Gobernuak erantzun zien «lasai» egoteko eta «giroa» ez kargatzeko, zenbaketa gardena izango zela hitzemanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.