23 langile kalera doaz Inyectados Gabi eta Gaiter Zaldibarko enpresetan

MEK Mallabiko taldeak bi enpresak erosi nahi ditu, baina ez ditu hartu nahi langile guztiak. Elkarrizketa hasteko eskatu dio ELAk enpresari

Inyectados Gabi eta Gaikerreko langileak 2018ko grebaldian eginiko protesta batean. BERRIA.
Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
ELAk salatu du Inyectados Gabi eta Galter Zaldibarko (Bizkaia) enpresetako 23 langile kaleratu nahi dituztela. Biak konkurtsoan daude, eta, sindikatuaren arabera, konkurtso kudeatzaileak 23 langileren kontratuak eteteko erregulazio dosier bat aurkeztu du. Kaleratuak izango diren langileen zerrenda argitaratu eta guzti egin du.

Sindikatuak jakinarazi duenez, MEK Mallabian (Bizkaia) egoitza duen taldeak bi enpresak erosteko interesa azaldu du, eta eskaintza bat egin dio konkurtsoaren administratzaileari. Hori bai, gaur egungo 52 langileetatik 29 baino ez ditu nahi. Gainera, betiere ELAren arabera, gaur egungo enpresa ituna bertan behera utzi nahi du, eta Bizkaiko hitzarmena ezarri nahi die hartuko lituzkeen langileei. Haien lan baldintzak okertuko lituzke horrek.

ELAk eskatu dio administratzaileari «fede onez» joka dezala eta atzera bota dezala kaleratu nahi dituen langileen zerrenda. Eskaeraren helburua gaur egungo lanpostu guztiak eta haien lan baldintzak mantentzea da, eta, horretarako, langile batzordearen eta MEKen arteko elkarrizketa prozesu bat hasi nahiko luke. Bideragarritasun plan bat diseinatzea posible ikusten du.

Enpresetako langileei, berriz, eskatu die beren burua antolatzeko, eta borrokatzeko lantalde osoari eta haien lan baldintzei eusteko. MEKen egoitzaren aurrean biltzera deitu ditu gaurko 11:30erako, Goitondo industrialdean (Bizkaia). Hau ez da Inyectados Gabi eta Galterko langileek egingo duten lehen protestaldia. 2018an, hamabost eguneko greba egin eta lan aurrehitzarmen berria adostea lortu zuten. Bi enpresek zuzendaritza bera zuten.

11 kaleratze Arcelorren

Ez dira egun gozoak Euskal Herriko industriarentzat; izan ere, Arcelor Mittalek Agurainen (Araba) duen lantegia itxiko du hilaren amaieran. Sapem du izena enpresak, eta hamalau langileetatik 11 kaleratuko ditu. Beste hirurek taldeak Basaurin (Bizkaia) duen enpresan jarraituko dute lanean.

Arcelorrek iaz jakinarazi zuen asmoa zuela kaleko argientzako bakuloak eta altzairuzko zutabeak egiten dituen enpresa hori ixteko. ELA sindikatuak salatu du langileak aldi baterako erregulazioan daudelarik egingo direla kaleratzeak, eta «negoziatzeari uko egin izana» egotzi zion zuzendaritzari. 2014an, antzeko egoeran izan zen enpresa; orduan 54 langile zituen, baina langile batzordeak jarduna bost urterako luzatzea lortu zuen.

Arcelorrena, baina, ez da Arabako kasu bakarra, eta atzo Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak argi gorria piztu zuen batzar orokorretan. Koronabirusaren ondorioz lurraldeko ekonomia «kinka larrian» dagoela esan zuen: «Urduritzeko moduko albisteak dira, eta oraindik okerrena etortzeko dago. Langile asko daude erregulazioan, eta horiekin zer gertatzen den ikusi behar da».

Gonzalezek izen-abizenak jarri zizkien bere beldurrei. Arcelorren itxieraz gain, Mercedesen ikusten dituen zantzu txarrak eta Tubacex Aiaraldeko enpresetan prestatzen ari den berregituraketa aipatu zituen. Azken erabaki horren harira, langile batzordeak salatu du «urteetako kudeaketa txarraren» ondorio dela, eta «langileen konpromisoa» auzitan jarri izana egotzi dio zuzendaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.