mikel elorza
ARKUPEAN

Zulo bat gureetan

2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Oraindik partenaire femeninoa asmatu ez diegun Errege Magoen ibileren berri eman ziguten atzo albistegiek, kabalkaten faltan gure etxeetako leiho birtualen bitartez eginez tokia Eguberrietako azken magiari. Tximiniarik ez daukagun arootan, ze zulotatik sartzen ote diren oparigileak galdetzea ere absurdua da, mundura konektatuta gauzkaten hainbat gailu eta ekran etxean edukita. Toki orotara garaiz iristeko antenatik antenara bidaiatzen dira Errege Magoak, inork etxeko txikienei azalpen zientifikorik eman nahiko balie. Baita 5G antenak ere, gorputzean pikor tumorosorik aterako zaien batere beldurrik gabe.

Aurten, baina, ez da opari asko izango. Administrazioa ez dago gastu handitarako, zulo asko dago betetzeko —metro bateko zuloak, eta metro askotakoak—, eta beraz dagoenarekin konformatu beharko dugu. Are, gerrikoak estutu beharko ditugu. Gutxi batzuk gerrikoan zulo berri bat egin behar izan gabe ibili ahalko dira, hala ere. Lasatu ere ez, ez gaizki pentsa, gerria neurri berean mantenduko dute, zabal. Izan ere, beste zulo batetik libratzen dira, soberan daukatena zirin bihurtuta besteoi burutik behera oparituz. Izenik gogoratu nahi ez dudan aberats galiziar ongileak bezala, medikuntza-aparailuak oparitzen dizkiona osasun publikoari, eta hagintariek irribarretsu eta genuflexoki hartu, konturatu gabe erregalu horietako bakoitza errege-opilez jantzitako gorotz erraldoia dela.

Kabalkatak herri bakoitzeko hiru aberatsenek egin beharko lituzketela otu zait, urtero, pantomima biribila izateko. Herriko aberatsenak, ez-dakigu-nortzuk, goxokiak eta irribarre eztiak banatzen, segizioa herriko udalbatza eta gainerako autoritateek osatuta. Urkullu eta Txibite eta abar gameluen uhal-neska etamutil (errealitatean den bezala, alegia).

Zulo latza izanda, zulo gutxiko tokia espetxea izaten da. Han zulo batzuk desira dira, Errege Magoei eskatzen zaizkie. Baina hara ez dira iristen Meltxor eta lagunak, ez daukate nondik sartu. Bueno, sartu bai, baina ez daude ziur beraien magiaren indarrarekin ere irteteko gauza izango diren. Hango ate, leiho eta beste zulo guztiak inbutu zorrotzak baitira, sartzeko zabal, irteteko estu. Pentsa, informazioa ere ez da ateratzen! Eguberri egun seinalatuan, Belengo estalpean hautatua enegarrenez jaio zen egunean, Zaballako espetxean ez-dakigu-nor hil zen, han ere hainbatgarrenez (jakina, ez da kabalkatan gameluan joango litzatekeen ez-dakigu-nor berbera). Koronabirusaren andui mutatua hegoafrikarra edo londondarra den asmatzera iristen garen garaiotan, espetxe moderno horretan nor hiltzen den, zergatik, zein egoeratan, hura saihesteko zein neurri hartzen diren… ezin jakinik gabiltza.

Heriotza gure parte da, hala dela onartzea kostatzen zaigun arren, baina espetxean inor hiltzea gizartearen porrota dela esango nuke. Preso sozial deiturikoak —garai bateko común, arruntak erabat—, besteak bezain politikoak dira nire ustez, baina egia da ez direla igualak. Albisteak izango duen oihartzuna eta aurka egingo diren protestak, horren lekuko. Senide gutxi batzuk, eta lagunen bat, geratzen bazitzaion, joango dira hilkutxaren bila. Zulo ilun batetik aterako dute, beste zulo ilunago batean sartzeko.

Espetxe-sistema bera da gizartearen porrotaren isla. Hondakinak dira, errefusa, eta birziklatu egingo ditugula esaten dugun arren legeen hitzaurreetan eta adierazpenetan, berez, beste zakarrarekin bezala, egiten ditugu zulo batean sartu eta itxi, estali, ahalik eta kirats gutxien atera dezaten.

Eusko Jaurlaritzak eskumen honen transferentzia aspaldi eskatua die Errege Ez Magoei, laster iritsiko omen. Zuloen kudeaketa. Birbataiatuz hasiko dira, Zaballako espetxeari Bergizarteratze Sozial eta Birgaitze Pertsonalerako Eremu deituz, adibidez, eta gero, bada hori, ea zenbat denbora pasatzen den hurrengo ez-dakit-nor zuloan hil arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.