Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Esaneko arduratsua

2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ez dakit musukoa atari zabalean erabiltzera behartzen gaituen ikerketak zein datu-azterketa egin duen, baina zentzuzkoa izango dela pentsatu nahi dut. Hala espero dut, oinarri horren gainean eraiki baita ondoren etorri den erabaki politikoa, gu guztioi eragiten diguna beste behin ere, aurretik erabaki behar izan diren beste hainbat bezala. Zientzialariek datuak erabiliko zituzten hipotesiak baztertu edo baieztatzeko eta dagokionari edo dagokienei emango zieten beren lanaren berri, ikusi eta ikasitakoarekin zer egin erabaki zezaten. Zientziarena, izan ere, entzun beharreko ahotsik jantziena baita, baina pandemiaren kudeaketa ez da bakarlarien kontua. Arduradun tekniko eta politikoek kalteak eta onurak ongi neurtuko zituzten, beti zaila eta labainkorra den oreka bilatuz eta azkenean, erabaki egingo zuten: leku itxietan ez ezik, musukoa kalean, basoan edo hondartzan ere erabili behar dugu, baita inguruan inortxo ere ez dagoenetan ere.

Ez dakit horren guztiaren berri zehatzik, baina halaxe egiten ari naiz, pentsatu nahi dudalako zentzuren bat edo izango duela erabaki horrek, nik ulertzen ez badut ere.

Ni bizi naizen tokian ez da arimarik izaten gure bederatzi hilabeteko Milka txakur nekaezinarekin basora ateratzen naizenean, Pedro gure bizilagunaren ahuntzak ez baitira distantzia soziala kalkulatzeko erabiltzen. Orain musukoa jantzita ateratzen naiz etxetik txakurrarekin edo bakarrik noanean, baita bakarrik egongo naizela —edo egongo garela— dakidanean ere. Ez dakit zergatik, eta jakin nahi nuke. Aginduaren berri badut, baina zergatiaz ez dit inork txintik esan.

Neure buruari esaten diot eman zaigun araua betetzen ari naizela eta hori arrazoi nahikoa dela, baina barruko ahotsa ez zait isiltzen, eta gogoratzen dit stricto sensu, obeditzen ari naizela, ez besterik.

Aginduak baino zerbait gehiago behar dugu kalapita honek guztiak eskatzen duen arduraren mailan egon ahal izateko. Epidemiologo koxkor bat jaio zaigu barru-barruan guztioi. Babes-maila adierazten duten produktuen kodeak bereizten ikasi dugu, eta intzidentzia-tasa metatuaren gorabeheraz ia aditu bilakatu gara. Aldeak alde, denok edo gehienok badakigu zer egin behar dugun eta zer egiteari utzi behar zaion guztion hobe beharrez, beti-beti asmatzen ez badugu ere. Zein ordutan etxeratu gaitezkeen, zer kirol-mota egin dezakegun eta zein ez; zenbat lagun elkartu gaitezkeen etxean eta zenbat etxetik kanpora, jatetxe barruetan noiz bai eta noiz ez. Nekagarria da, baina gehienok betetzen ari gara esaten ari zaiguna, kasu gehienetan erabaki horien atzean datzan informazio zehatza falta zaigun arren.

Pandemia honek ezustean harrapatu gintuen duela urte bete pasa, baina denbora honetan guztian, eguneroko bilakatu zaigu, eta jadanik ez gaude joan den urteko martxoan geunden toki berean. (Uler bedi hitz egiteko modu bat besterik ez dela; izan ere, joan den urteko martxoan geunden toki berean gaude denok, etxean edo paraje).

Informazioak gainezka egin digu, baina gutxi dakigu, gutxiegi, eguneroko bizimodua erabat baldintzatu duten erabakien zergatiez. Arduraz jokatzeko eskatzen diguten botere publikoen eginkizuna ere bada arduratsu izan gaitezen bideak erraztea: egin daitekeena eta egin ezin dena zerrendatzea eta zerrendak hamabostean behin berritzea baino zerbait gehiago beharko dugu. Hori eduki ezean, izan ere, zaila da jakitea non kokatzen den bat, arduratsuen edo esanekoen tokian.

Uholdea denean, sorospen-taldeen eginkizunik behinena ur edangarria segurtatzea da, eta metafora ederra iruditu izan zait beti, oraingo egoerarekin ere ederki ezkontzen dena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.