Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Argia

2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Argindarraren prezioaren inguruan gorabehera ugari izan da azkenaldian. Lehenago ordutegi tarteek eman bazuten zeresana, zerga jaitsiz eman nahi zaio orain arazoari konponbidea, antza.

Argia zer den definitzea ez da erraza izan fisikarientzat historikoki. Lehenago atentzioa jarri bazitzaion ere, definizio klasiko sendoena Maxwellek eman zuen XIX. mendean. Maxwellen arabera, uhin elektromagnetikoek osatzen dute argia. Elektromagnetiko izateak esan nahi du bi uhinen gainezarpena dela, uhin elektrikoak batetik eta magnetikoak bestetik, nolabait esateko. Uhin horiek hedatzeko darabilten abiadura konstantea da. Argiaren abiadura esaten zaiona, hain zuen ere. Einsteinen E=mc? ezagunean azaltzen den c hori. Hutsean zerbaitek har dezakeen abiadura maximoa da. Ideia bat egiteko, Lurretik Ilargira ia segundo bakarrean irits liteke argia.

Badakigu argi mota ezberdinak daudela. Baina, baldin eta abiadurak ez baditu bereizten, zerk bereizten ditu? Bada, uhin-luzerak. Uhin-luzera da uhin baten zabalera, nahi bada. Harekin alderantziz proportzionala den parametroa frekuentzia da. Alegia, zenbat eta estuagoa uhinaren zabalera, handiagoa frekuentzia. Uhin zabalari gehiago kostatzen zaio errepika egitea uhin estuari baino.

Hala, irrati uhinak uhin-luzera handienetakoa dutenak lirateke. Beste muturrean X izpiak eta izpi ultramoreak leudeke. Dagoen aukera posible guztien lerroari espektroa esaten zaio. Eta espektro horretan, oso zati txiki bat da ikusgarria den argiak hartzen duen tokia. Hori bai, zati txiki horren barruan ere uhin-luzera ezberdin ugari aurki daitezke. Izan ere, koloreak ere horrek bereizten ditu: argi bakoitzaren frekuentziak.

Hori litzateke fisikaren ikuspegi klasikotik argia dena: uhin bat. Baina fisika kuantikoaren iraultzaz geroztik badakigu argiak izaera duala daukala bere baitan. Aldi berean uhin eta partikulen gisa portatzen da.

Hizkuntzaren arabera ere, frekuentzia ezberdinetan biziko garelako akaso, izaera dualak ditu argi hitzak. Ingelesez light-ek arin ere esan nahi du, adibidez. Arin, pisuari dagokionez. Edo, janari azukre gutxidunak ere light dira. Gazteleraz ez, gazteleraz luz-ek halako aura bitxi edo mistiko bat du, izatekotan, behin argi fisikotik aldenduta. Katalanez ere antzera...

Euskaraz argi hitzak azkarra ere esan nahi du. Pertsona argia pertsona inteligentea denaren zentzuan. Kuriosoki, argia azkarra da, baina abiadurari dagokionez; ez, printzipioz, inteligentziaz. Eta ez dakit euskaldunok inteligentzia zuhurtziarekin lotzen ote dugulako izango den, baina argi ibiltzeak kontuz ibiltzea esan nahi du.

Itxialdian egon ginenean nabarmena egin zitzaigun argiaren garrantzia. Telelanak ere eman du zer pentsatua. Nork ordaindu behar luke argindarraren faktura etxetik lanean ari garenean? Argiaren ustezko merkatzea, inoiz baino telelan gutxiago eta egunak inoiz baino argi tarte handiagoa duenotan iritsi da. Edo, pandemiaren ikuspegitik, tunelaren amaieran argia ikusten hasi garenean.

Eta ni, argia ez dakit, baina zentzuduna izaki, iaz ere ekainean hala geundela oroitu naiz. Orduan ere ikusten genuen argia tunelaren amaieran, eta gero etorri ziren etorri ziren uda, udazkena eta negua. Argiak izaera duala du: badaki uhin edo partikula portatzen. Pentsa liteke uhina leuna dela eta partikula gogorra. Baina argiak uhin izanda ere badaki min egiten. Aski du frekuentzia igotzea kaltegarri izan daitekeen erradiazioa eragiteko.

Badator uda, eta denok daukagu opor eta festa premia. Noraino asmatuko dugun azkar edo zentzuduna izaten, horrek markatuko du argitasunak pasako digun faktura. Ea zer topatzen dugun tunelaren bestaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.