Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Garaiz

2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Beste modu batekoak izan nahi genuke, baina garen bezalakoak garela aitortzea beste erremediorik ez dago. Besteei kontatzeko modukoak izatearekin amets egiten dugu, jasoagoak, dotoreagoak, bakanagoak izatearekin, edo horren itxurarekin behintzat, baina alferrik da. Barrea eragiten digute txiste arrunt eta txarrek, umore inteligentea goresten badugu ere. Urrutiko bizimoduen berri ematen duten dokumental bikainak, edo pentsarazten diguten kultuko pelikulak atsegin ditugula esaten dugu, baina tele-zaborrarekin konformatzen garela erakusten dute, egunero-egunero, telebistako audientzia neurketek. Beste erabatekoak izan nahiko genuke, goragoko zereginetarako aukeratutako jainko eta jainkosen modukoak, baina eguneroko bizimodua labadora, erosketa eta berriketa hutsaletan joaten zaigu.

Ispiluaren aurrean ikusten duguna baino, irudikatu nahiko genukeena izan nahiko genuke. Egia, ordea, gupidagabea da: orobat, normal-normalak garela, aukeran, normalegiak, batezbestekotik ez gora ezta behera ere.

Frustrazio pittin bat sortzen du horrek, baina adinean aurrera zoazen neurrian gero eta gutxiago, oro har, nahikoa eroso mugitzen baikara nahiaren eta ezinaren artean eraiki dugun mundu paraleloan.

Krisi bat behar da lubaki horretan alde batetik bestera igarotzeko. Ikasketa-garaian lagun min-mina izan zen adiskidearen semea auto-istripu baten zendu zenekoa, adibidez. Edo ahizpak deitu zuenekoa kontatuz loteria ez, baina lantegiko EREko bolatxoa tokatu zaiola eta etxera joan aurretik kafetxo bat hartu nahiko lukeela, ahal bada.Orduan zerbaitek «krak» egiten dizu barru-barruan eta dena aldatzen da. Ahoskatutako berba bakoitzari beste zentzu bat ematen diozu, bazter utzitako ohitura zaharrez ohartzen zara, eta damutu eskuarki. Askotan beranduegi izaten delako, baina ez beti.

Honelakoen aurrean zeure ohiko gezur txikiekiko ulerkor izaten den ispilua bera zartatu egiten da, mila puskatan lehertu egiten da eta zati txiki bakoitzean islatzen dira aukera antzuak. Guztiak, nola ordura artekoak, hala sekula gauzatuko ez direnak. Izan ere, egiazko drama horien aurrean ohartzen zara horiek ere, etortzeke daudelako etorkizun deitzen ditugun horiek ere, gal ditzakegula zoriak kontra egiten duenean.

Zartako horietako baten ostean ohitura berri bat sartu zen gure etxera. Urte-modu honetan garbiketa egiten dugu, zaharra baztertu eta berrirako lekua egitearren. Armairuak, apalategiak eta tiraderak hustu egiten ditugu eta urtean zehar pilatuz joan diren askotariko objektuak sailkatzen ditugu: gorde nahi duguna alde batetik, beste norbaiti opari eman nahi dioguna bestetik eta erabat baztertu nahi duguna, azkenik. Jantziak, liburuak, argazkiak, koaderno-izkina baten idatzitako gogoetak, gomutak... Erraza dirudi, baina niri behintzat kosta egiten zait, eustea eta joaten uztea ez baita debaldeko festa.

Benetako drama bat behar da gauzak bere lekuan jarriko baditugu, eta ederki ikasi dugu, gainera, ez duela zertan entzute handikoa izan beharrik: eguneroko drama txikiak mundua bera hankaz gora jartzen duten pandemia eta enparauek baino izu sismiko handiagoa eragiten duten lurrikarak dira.

Marcel Proust-en esanetan, emana zaigun denbora elastikoa da: mugiarazten gaituzten pasioek zabaldu egiten dute, ametsek estutu egiten dute eta bi indar horien artean geratzen dena egunerokoarekin bete egiten dugu. Urte berriak ez gaitu beste modu bateko egingo; garen bezalakoak gara, baina oraindik garaiz gaude pasioen eta ametsen arteko ohikotasunean leku libre gehiago egiteko, gordetzeko, partekatzeko eta ahanzturaren sutara botatzekoak ongi aukeratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.