mikel elorza
ARKUPEAN

Etorkizunarekiko konpromisoa

2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainian Madrilekin gertatzen da eta Frantzian Parisekin. Hiriburuak zentraltasun ia erabatekoa hartzen du eta han gertatzen direnek edo haren inguruan sortutako zaratak oihartzun handia izaten dute. Medioetan, esan nahi dut, bizitza soziopolitikoan.

Antzera gertatzen da probintzietako hiriburuekin ere. Batzuekin, bederen. Donostiako eta Bilboko alkateak Tapia kontseilaria adina ez —ezinezkoa baita hori—, baina hor nonbait izaten dira hedabideetako plazan agertzen. Iruñekoak ere presentzia handia du eta Gasteizkoak ere maiz ikusi ahal du bere burua orrialde eta pantailetan. Karneta izateak asko laguntzen du, hori ere hala da. Baionako mera nor den jakiten ez da hain erraza izan ohi Bidasoaz hegoaldera, baina Jean-Rene Etxegarairen indarrak lortu du, zorionez, hori apur bat haustea. Donibane Garazi eta Maule ea Netflixeko serie batean sartzen dituzten, bestela jai.

Normala dela eta gainera hala behar duela kontziente naiz, hirietako mugimenduak, tamainak, hainbat alorretako erakunde eta egoitzak han egoteak hori dakar, mendian baino informazio-mugimendu handiagoa dago.

Baina hainbat eremutan hartzen duten pisu informatiboak gainezka egiten dit, hala esatea baimentzen bazait: zenbait festaren inguruan, batez ere. Kultura edo kirol alorreko ebentoekde facto diru alorreko ebento—, edo kongresu eta antzekoek foku-argiaren indartzea uler daiteke, baina aste nagusi, danborrada, sanprudentzio, sanfermin, entzierro, abordaje, marijaia eta bestelakoek ez al dute toki gehiegi hartzen? Bai, ederrak dira, eta hiriburukoak ez garenak ere haiek gustura asko bizi izandakoak gara, oraindik ere haietakoren bat arrabizitzeko gogo handiz gaude, baina ez dakit, Donostiako danborrada aurten egingo ote zen eta azkenean nola (ez den) egingo albistegietako doku-serie bihurtu digute!

Aurten ere ez-festa —a ze pena emakumezkoak garbitzera ez bada sartu ere egin ezin daitezkeen soziedade horietan!—, azkenean haurren desfilea egin ahalizateak samurtu du alkatea, haiengan itxaropenaren eta etorkizunaren sinboloa ikusten baitu. Ez da ardura txikia haientzat, alajaina. Izan ere, etorkizuna ere zedarritu nahian gabiltza.

Etorkizunaz gogoeta egitean nik hitzaren osaketari erreparatzen nion eta etortzeko dagoena, ez dakiguna nolakoa izango den... eduki izan dut buruan, baina beste batzuek zerbait zehatzagoa ikusten dute: «Etorkizunarekin konplitu» leloa darabil EAEko gobernuak euskal polizia izateko propaganda-kanpainan eta dedio, iraganaren katetik askatzen ez daukagu erraza, bizi garen memoriategi honetan, neolitiko oteitzarra ez bada bostehun urteko zapalkuntza eta Nafarroako errege-erreginak zalapartaka, gerra handia eta gerra txikien inguruko errelatuarekin trabatuta —orbain asko dago ixteko, edo gaizki itxia, badakit, Martin Villaren azken egunotako hitzak gatz oso larria dira—... iragana asmatu ezinik eta etorkizunarekin konplitu behar!

Bien bitartean, noski, lanean edo diskutitzen segitzen dugu, fin lanean, lodi diskutitzen, iratzargailuaren diktadurapean, azken bi urteetan eguneroko bizitzan labezomorro oraindik ere beltzagoak isuriz, bizitza eskapo doakigula, baina hori bai, aukerarik galdu gabe aldarrikatuz gure filosofia carpe diem dela, batez ere inguruko norbait behar baino lehen hiltzen denean, bizitza zukutu behar dugula oihukatzen dugu entierro egunean, gu geu limoi ximelak baino tristeago geratzen ari garela ohartu gabe.

Baina bueno, etorriko dira garai hobeak, osasun-morokil honetatik indartuta irtetekoak gara gainera, eta ohartzerako laster dugu beste ez-festaren bat ate-joka. Eta bestela, lasai, bertan da etorkizuna, danbor txikietan, eta datozen polizien konpromisoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.