Kaborek dimisioa eman du, militarrek atxilo hartu ostean

Burkina Fasoko presidente ohia atxilotuta dago oraindik. Damiba talde militarreko liderrak hartu du agintea estatu kolpearen ondoren

Kaborek dimisioa eman du, militarrek atxilo hartu ostean.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko presidente Roch Kaborek dimisioa eman du bart, igandean hasitako estatu kolpe militarraren ondoren. Estatuburu ohiak hilabeteak zeramatzan soka tenkatu baten gainean: atsekabea gero eta handiagoa da herritarren artean, 2015etik nabarmen ugaritu baitira jihadisten erasoak. Kaborek eskuz idatzitako gutun batean eman zuen dimisioaren berri, MPSR AberriaBabesteko eta Zaharberritzeko Mugimendua juntako buruzagi eta talde militarreko lider Paul-Henri Sandaogo Damibari zuzenduta. «Nazioaren interesaren alde eta igandetik izandako gertakarien ondoren, erabaki dut Burkina Fasoko presidente, estatuburu eta Indar Armatu Nazionaletako buruzagi gisa ditudan funtzioei uko egitea. Jainkoak bedeinka dezala Burkina Faso», zioen oharrak. RTB telebista publikoak zuzenean eman zuen albistea.

MPSR juntak soldaduek osatzen dute «segurtasun egoera degradatzea eta herritarren segurtasuna bermatzeko ezintasuna» leporatu zizkion presidente ohiari. Hain zuzen, militarrek aditzera eman zuten boterea hartzeaz gain gobernua eta Asanblea Nazionala desegingo zituztela. Halaber, matxinoek iragarri zuten aireko eta lurreko mugak itxiko zituztela, eta etxeratze agindua ezarriko zutela lurralde osoan, 21: 00etatik 05: 00etara, «bestela agindu arte». Dena dela, ehunka herritar atera ziren kalera atzo Uagadugun, militarrei babesa adierazteko asmoz.

Matxinoek Kabore atxilo hartuta daukate oraindik, leku «seguru» batean, MPSR juntaren arabera. Bitartean, oposizioko FPR Berrikuntzarako Fronte Patriotikoa alderdiak iragarri zuen Indar Armatu Nazionaleko kideei «babes osoa» emango diela, eta gogorarazi zuen 2019ko azarotik ari zela Kaboreren dimisio eske, herrialdearen «narriaduragatik». AB Afrikako Batasunak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak, berriz, «gogor» gaitzetsi zuten estatu kolpea, eta «kezka» agertu zuten Sahel eskualdeko herrialdeen egoeraren inguruan. Horrez gain, presidente izandakoa eta atxilotuta dauden beste goi kargudunak «berehala» askatzeko eskatu zuten, baita elkarrizketa «bultzatzeko» ere.

Damiba MPSR juntako buruzagiak hartu du orain agintea. «Zuhurra» eta «eraginkorra» da, haren kideek Omega tokiko irratian azaldu dutenez. Blaise Compaore presidente ohiaren guardia talde bateko kide izan zen Damiba, eta 2015eko iraileko estatu kolpearen aurkako jarrera hartu zuen.

Djibril Bassole eta Gilbert Diendere jeneralek gidatutako kolpeak, ordea, amaiera eman zion Compaoreren 27 urteko agintaldiari, eta Kabore izendatu zuten presidente. Lehen agintaldian doako arreta medikoa ezarri zuen5 urtetik beherako haurrentzat, edateko uraren hornidura hobetu zuen, eta errepide berriak eraiki zituen.

Erasoak, etenik gabe

Halere, presidentetza hartu zuenetik, areagotu egin dira Al-Qaedaren eta Estatu Islamikoaren talde aliatuen eraso jihadistak, ustez Compaoreren gobernuak eta erakunde armatuek zuten akordioa hautsi zelako. Komunitateen arteko gatazkak ere hedatu egin dira. Azken sei urteetan, 5.000 lagun baino gehiago hil dituzte orotara; 1.600 inguru azken urtean, ACLED gobernuz kanpoko erakundeak emandako datuen arabera, eta 1,5 milioi desplazatu baino gehiago izan dira, NBEren kalkuluen arabera.

Militarrak estatuaren presentzia eskasaz eta laguntza humanitarioaren gabeziaz baliatu dira, eta, ondorioz, parte hartze politikoa ahuldu egin da; zehazki, 2020ko hauteskundeetan, iparraldean eta ekialdean, etxetik ihes egin zuten herritarrek ezin izan zuten bozkatu. Kabore presidente hautatu zuten bigarrenez, botoen %58 lortuta. Hala eta guztiz ere, erasoek ez dute etenik izan.

2021eko ekainean, esaterako, Solhan, Burkina Fasoko ipar-ekialdean, 160 pertsona inguru hil ziren eraso batean. Horiek hala, Kaborek herritarren konfiantza galdu zuen, eta gobernuaren aurkako protestak areagotu ziren.

Hori gutxi ez, eta, iazko azaroan, segurtasun indarretako 50 kidetik gora hil ziren. Erasoa gertatu baino bi aste lehenago, base militarrak ustez presazko mezu bat igorri zion gobernuari, elikagai hornidura eta materiala eskatzeko, baina ez zuten jaso eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.