elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Dilema

2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Zeraingo eliza jendez beteta igande eguerdian. Ez zen, ez, ohiko mezarik, ez hiletarik, musika kontzertua baizik. Diputazioak Next Generation fondoei esker antolatutako Emakumea eta euskal musika zikloaren lehen emanaldia, Batura kontzertuen hirugarren edizioa. Musikariak: Josu Okiñena pianista donostiarra eta Alex Da Costa biolin-jotzaile quebectarra. Errepertorioan, klasikotik gaur eguneraino: Brahms, Maurice Ravel, Pablo Sarasate (Habanera zoragarria!)... Emma Chacón (Bartzelona, 1886-Bilbo, 1972) eta Maria Luisa Ozaita (Barakaldo, 1939-Madril, 2017). Propina gisa, Leonard Cohenen Dance me to the end of love eskaini zuten Da Costak eta Okiñenak. Entzuleek zutik jarrita txalotu zuten emanaldia bukaeran.

Esango nuke Emma Chacón eta Maria Luisa Ozaitaren konposizioak entzuten nituen lehen aldia zela; klasikoagoa lehena, modernoa bigarrena; ozta-ozta nekizkien bi musikagileen izenak. Egia esan, euskal emakume konpositoreen artean zuzenean ezagutzen dudan bakarra Junkal Guerrero andoaindarra da. Hortik aurrera, izen bat bota dezaket: Emiliana Zubeldia; Helena Taberna zinegileak hari buruz 1993an egin zuen dokumentalari esker ezagutu nuen. Emiliana Zubeldiarena (Jaitz-Salinas de Oro, 1888-Hermosillo, Mexiko, 1987) bere garaiari aurrea hartu zion emakume baten historia da. Andre aske eta beregaina, bizitzari zuku guztia atera zion horietakoa. Haren obra batzuk programatuta daude, jakina, Emakumea eta euskal musika emanaldietan.

Zikloak badu berezitasun bat: kontzertuak Gipuzkoa barrualdeko sei herri txikitan izango dira. Hainbat entzuleri bidaia errazteko, autobusa jarri dute Donostiatik. Hortaz, bi zentzutan funtzionatzen du ekimenak: kalitatezko musika herri txikietara eraman, eta hiritarrei herri horietara hurbiltzeko aukera eskaini. Kontzertuaren ondoren, eliza hustu ahala, bi tabernak bete ziren Zerainen, festak balira bezala.

Duela ehun urteko kontuak dakartza Almas en pena de Inisherin film irlandarrak (ingelesez The Banshees of Inisherin). Hor ere taberna ezinbesteko biltokia da irlan bizi diren herritarrentzat: garagardo beltz pintak suelto, pattarra eta whiskia ez gutxiago eta... zuzeneko musika irlandarra. Kanpora irten eta tarteka tiroak entzuten dituzte irlako herritarrek itsasoaz bestalde dagoen lurraldean: gerra zibila aipatzen dute, 1922-1923ko gerra zibila, 1916ko Pazko Matxinadaren segida, IRAkoen eta Erresuma Batuaren alde egiten zutenen artekoa. Baina Inisheringo biztanleen kezka nagusia ez da gerra; arazoa da komunitate zinez txiki horretan gertatzen diren desenkontruak, maiseaketak, gaizki-ulertuak, ezineramanak... nola kiribildu eta gaiztotzen diren elkarren arteko harremanak, baita lagun minak zirenen artean ere.

Pelikulak antzerkiaren estiloa dauka, antzezlan filmatua ematen du, batez ere pertsonaien arteko elkarrizketetan. Zuzendaria, Martin McDonagh —familia irlandar batean jaiotako ingelesa— antzerkian eta zineman, bietan aritu izan da. Pelikula ikustean atzera botatzen ninduen antzerki usainak. Gerora konturatu naiz juxtu ukitu horrek —esajerazio horrek— laguntzen duela adierazten eta azpimarratzen komunitate ñimiño horretako giza harremanen konplexutasuna. Herri txiki infernu handi, alegia. Umore beltzean kokatzen dute batzuek filma, baina iruditzen zait hori gainazala besterik ez dela. Sakonean gizabanakook bizi dugun dilemetako bat dago: zenbateraino bakarrik, zenbateraino taldean? Zein taldetan? Nortzuekin? Ze arauen arabera? Herri txikiaren familiartasuna hobe, ala hiriaren anonimatu eta anizkoiztasuna? Beste irakurketa batzuk ere egin daitezke, baina Inisherinek —izen eta toki asmatua da— galdera horiek egitera darama ikuslea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.