garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Indarra neurtzen

2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Urteko hilabeterik astunenean sartu dira nerabeak. Akituta datoz, bizitza osoko karga beren bizkarrean daramatela, gaixoak. Alta, oraintxe dator okerrena: azterketak eta selektibitate-baxoak, inoiz ongi ulertuko ez duten dugun zigorra.

Bukatu izanaren gozoa helduko da gero, arrakastaren euforiaz beharbada, baina hobeto egin ahal izan eta egin ez izanaren damuaz, ia ziur, gehienen kasuan. Edonola ere, deskonpresioa,garaian garaiko agenda zabalak eskain dezakeenaz lagunduta: sanjuanak, sanmartzialak, sanpedroak... festak eta aitzurrak, nonahi eta eskura.

Horretarako apur bat falta, ordea. Eta bitartean eutsi egin behar goiari. Bizkitartean, etsipenean ito eta dena utikan ez bidaltzeko ahaleginean, pizgarriekin konformatu beharko. Adrenalina astintzeko motiboak bilatzea eta amorruari ateratzen laguntzeko plan txikiak burutzea da bidea.

Ezinegonaren trantze horretan dira zutabe honetako protagonistak ere. Denak daude estrespean, baina bereziki bat,17 urte eta bizitzari gustua hartu ezinik dabilena. Adinari ohikoa zaion makurra baino gehiago, krisi existentziala ematen du harenak. Bideo batean ikusi ditut berriki, oker ez banago, aisialdi-areto batean grabatua, larunbat arratsaldean.

Lehen zatian dena da kaosaeta zalaparta. Gero, protagonista nagusiak bereganatu du arreta, 17 urte eta bizitzari gustua hartu ezinik dabilen horrek, hain zuzen. Erronka jo diotela esango nuke, bere naturari samurra ez zaion zerbait eskatzen ari zaizkiola. Euskarri hori-hori baten aurrean jarrita dago, goiko aldetik atera den zaku udare formako bati begira, zurbil. Apur bat beherago dagoen puntuazio panelak argitzen du makinaren funtzioa: ez da boxeoan entrenatzeko, kolpearen indarra neurtzeko da.

Protagonistak jantzita ere ez ditu 44 kilo izango kexa eta zaputza du dena. «Nola emango diot ba nik, zakura ozta-ozta iristen naiz-eta!», bota du purrustada bere publikoaren aurrean.«Jo dezala horrek!», gaineratu du, betiko tenta-makila seinalatuz. Atzera egin nahi luke, baina ez diote uzten. «Ale! Saiatu», egin dio gogor bera bezain makal eta ezdeus sentitzen den neska batek. «Jo! Jo! Jo!», hirugarren batek, eta «mugi, ostia!» denetan mardulenak, bi besoak goratuta. Baina gure protagonista, ezkor, bere ahulezian oskolduta, huts egin eta lotsagarri geldituko den beldurrez.

Laguntzeko asmoan zuzendu zaion lagun bakarrak, «Zu koncentratu», eman dio gomendioa euskañol arruntean, «como si no estuvieran». Protagonistak zeharka begiratu dio, «ez baleude bezala», egin dio marmar hortzak estu, baina berean jarraitu du laguntzaileak: «koncentratu, koncentratu, que ahal duzu». Botileroaren planta baino, bertso gai-jartzailearena hartu du bat-batean: «Imajinatu hor aurrean duzuna nik naizela, eta parabariar, ni eta nik nahastu ditudala. Benga, benga, dale! Pentsatu gabe! Que badakit nola haserretzen zaren!».

Hipnotizatuari hitz gakoa esaten zaionean bezalatsu, kopeta ilundu, ipurmasailak estutu, besoak tolestu, ukabilak altxa eta danba eman dio zaku madarikatuari. Hain eman dio zuzen, hain eman dio bete-betean, aspaldiko marka guztiak ondu dituela, panelak adierazi dionez. Ezin sinetsi du. Ezta lagunek ere. Eskerrak eman nahiko lizkioke botileroari, ezkutuko trebeziak deskubritzen laguntzeagatik, baina ez du egingo. Hizkuntza lardasten jarraitzeko aitzakia bat gehiago emango liokeela iruditu zaio. Eta hori, ezta ametsetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.