Korsika

Macronek «autonomia» eskaini dio Korsikari, berezitasuna aitortuta

Frantziako presidenteak proposatu du uhartea komunitate «historiko» eta «kultural» gisa aitortzea. Konstituzioa moldatzeko prest agertu da

Emmanuel Macron Frantziako presidentea (erdian), atzo, Korsikako Asanblean hitzaldia eman aurretik. P. P.-C. / EFE.
Edu Lartzanguren.
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak «autonomia» eskaini dio Korsikari, eta haren izaera berezia konstituzioan jasotzea. Korsikako Asanblearen aurrean egin zuen proposamena agintariak, atzo, uhartea naziengandik askatu zutenetik 80 urte bete zirenean. «Izan dezagun ausardia Korsikaren autonomia eraikitzeko, [Frantziako] errepublikaren barruan».

Estatuburuaren esanetan, autonomia horrek «tresna bat» izan behar luke uharteak eta estatuak «etorkizuna elkarrekin eraikitzeko», Korsika Frantziatik banandu gabe. «Ez da estatuaren aurkako autonomia bat izango, ez eta estaturik gabeko autonomia bat ere, baizik eta Korsikarentzako autonomia bat errepublikaren barruan». Korsikaren estatus berria Frantziako Konstituzioan jaso beharko litzateke, «berezko artikulu batean». Artikulu berri batek aitortuko lioke berezitasuna, «komunitate uhartetar historiko, linguistiko eta kultural» izendatuta.

Epeak ere zehaztu zituen Macronek. Korsikako Asanbleari sei hilabete eman zizkion Frantziako Gobernuarekin «testu konstituzional eta organiko bat» hitzartzeko, Korsikako estatusa aldatzeko. Akordio horretan oinarrituta, konstituzioa aldatzeko prozesuari ekingo liokete, eta, gero, Korsikan erreferendum bat antolatuko lukete, herritarrek aldaketa berrets dezaten.

Macronek agindu zuen ez dela «lerro gorririk» egongo, baizik eta «errepublikaren ideala». Begi onez ikusten du Korsikako erakundeek «transferituriko eskumenen inguruko arauak» erabakitzeko aukera aztertzea. Baina arautzeko ahalmen hori Frantziako Estatu Kontseiluaren eta Konstituzio Kontseiluaren «kontrolpean» legokeela ohartarazi zuen.

Euskaldunentzat ezaguna da Macronek erabilitako terminologia, baina Frantziako agintariak ohartarazi die korsikarrei «ez inportatzeko Europako beste erreferentziarik».

Hezkuntza elebiduna

Korsikan «korsikera gehiago» erakutsi beharko litzateke, Macronen iritziz, eta uhartearen estatus berriak «elebitasunaren aldeko hezkuntza zerbitzu publiko bat» ekarriko luke. «Leku gehiago eman behar diogu korsikerari, hezkuntzan eta eremu publikoan».

Gilles Simeoni Korsikako Gobernuko presidenteak gogoratu zion Macroni zein testuingurutan hasi duen Parisek autonomia emateko prozesua: Yvan Colonna preso independentista 2022ko martxoan kartzelan hil ostean uhartean sorturiko «indarkeria sinestezinaren» barruan. Buruzagi autonomiazaleak berretsi zionez, «eskatzen dugun autonomia estatutua Frantziako Errepublikaren barruan txertatzen da».

Nazionalistek eserlekuen hiru laurdenak okupatzen dituzte Korsikako Asanblean, eta, uztailaren 5ean, ados jarri ziren autonomia egitasmo baten inguruan. Besteak beste, korsikera frantsesarekin batera ofiziala izatea eskatu zuten, Frantziako Konstituzioan «Korsikako herria» kontzeptua jasotzea, eta uharteko egoiliar estatusa sortzea lurren eta etxebizitzen salmentak mugatzeko, geroz eta gehiago kanpokoen esku geratzen ari baitira. Macronek esana zuen soilik frantsesa izan daitekeela hizkuntza ofiziala, eta ez duela onartuko Frantziako herritarrak mailakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.