Kataluniako Generalitateak eta Espainiako Gobernuak elkarrizketarako pauso bat eman zuten atzo. Bilera egin zuten Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramaileak eta Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Erabaki zehatzik hartu ez zuten arren, jakinarazi dute aztertuko dutela eztabaidarako bi esparru bereiztea: batetik, jada sortuta dagoen Espainiako eta Kataluniako gobernuen artekoa, eta, bestetik, alderdi politikoen artekoa. Biltzen jarraituko dutela adostu dute bi aldeek; datorren astean bilera egingo dute berriz, Bartzelonan, «datak eta landuko den edukia zehazteko».
Abenduaren 20an ere bildu ziren, Kataluniako egoerari irtenbidea ematen saiatu eta «elkarrizketarako mekanismoak zehazteko». Ohar bateratu batean azaldu dute helburua dela elkarrizketa «egiazko» egingo duen bide bat aurkitzea, eta Kataluniarentzat «proposamen politiko bat» egitea. Atzoko bileraren ostean, azaldu zuten «aurrerapen bat» izan dela Espainiaren eta Kataluniaren arteko negoziazioetan. Alderdi politikoekin osatutako eztabaida mahaiari dagokionez, Espainiako Gobernuak azaldu du Kataluniako alderdiak izango direla taldean, eta elkarrizketa esparrua Kataluniako Estatutua izango dela. Hala ere, ez dute zehaztu zein alderdi izango diren mahaian.
Atxiloketen biharamunean
Giro nahasia zegoela egin zuten bilera atzo. Izan ere, hamasei pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak herenegun Gironan (Herrialde Katalanak); tartean,CUPeko bi alkate. 2018ko urriaren 1ean —Kataluniako erreferendumaren lehenengo urteurrenean— trenbideak ixtea leporatuta atxilotu zituzten.
Protesta moduan, Kataluniako Parlamentuan geldialdia egin zuten. Aragonesek eta Artadik azalpenak eskatu dizkiote Calvori. Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du polizia operazio horren ardura auzitegiena dela, eta ez Gobernuarena. Hala ere, ordezkari katalanei «onartezina» iruditu zaie argudio hori. Horrez gain, Generalitateak eskatu du ez egiteko «agindu judizialik eta bereizketarik gabeko operaziorik ordezkari politiko, kazetari eta herritarren kontra».
Elkarrizketarako bide bat aztertzea adostu dute Espainiak eta Kataluniak
Alderdi politikoen arteko eztabaida mahaia eratzea aztertuko dute. Datorren astean berriz bilduko dira, hurrengo bilerak zehazteko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu