Milizia kurduek zibilak ebakuatzeari ekin diote EIren azken gotorlekutik

SDFak zibilak ateratzeko zain daude jihadisten kontrako azken borrokari ekiteko. Baghuz hirian 300 bat ekintzaile geratzen direla uste dute

Milizia kurduek zibilak ebakuatzeari ekin diote EIren azken gotorlekutik.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Estatu Islamikoaren azken gotorlekua da Baghuz. Siriako Deir-ez Zor eskualdearen ekialdean dago hiria, basamortuaren erdian, mugaren parean, eta, dagoenekobonbardaketek erabat suntsituabadute ere, barruan dozenaka zibil daude. SDF Siriako Indar Demokratikoek setiatuta daukate hiria, eta jihadistak gero eta eremu txikiagoan daude zokoratuta, 500 bat metro koadroko eremuan. Milizia kurduek zuzentzen duten koalizioak atzo arteko epea eman zien muturreko islamista sunitei amore emateko, eta epea betetzear zenean ekin zioten hirian geratzen diren zibilak ebakuatzeari. Atzo arratsaldean mila bat lagun atera zituzten hamasei kamioitan, batez ere emakumeak eta haurrak. Hiriaren kanpoaldean 50 kamioi daude ebakuazioak egiteko prest.

Barruan zenbat zibil geratzen diren jakitea erantzunik gabeko galdera da. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du 200 bat familia geratzen direla eta ekintzaileek giza ezkutu gisa baliatzen dituztela. Herenegun, 30 zibil atera zituzten, tartean hamasei haur, eta,azken asteetan, 20.000 eta 40.000 zibil artean egin dute ihes eremutik. SDFek kanpoaldean zutitu duten behin-behineko kanpalekuan elkartu dituzte zibilak, handik, emakumeak eta haurrak, 300 kilometrotara dagoen beste kanpaleku batera eramateko, Al-Holera. Al-Hasaka eskualdeko kanpaleku hori, baina, gainezka dago. OCHA Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoa kezkatuta agertu da barruan dauden 42.000 lagunen egoeragatik. Erakundeak ohartarazi du kanpalekua «oso baldintza kaskarretan» dagoela, «tenperaturak oso baxuak» direla, eta «ur eta elikagai eskasia» dagoela. Kanpalekuan, bereziki, emakumeak, haurrak eta edadetuak daude, eta urtarrilean gutxienez 50 haur hil ziren kanpalekuan bertan edo kanpalekura bidean, gehienak hipotermiak jota.

Al-Holen babestu diren iheslarien kopurua hirukoiztu egin da azarotik, eta nazioarteko erakundeek ez dute baliabide aski egoerari aurre egiteko. Errefuxiatuetako askok egunak eman dituzte bidean, egurats zabalean lo egiten, eta akituta eta gosetuta iritsi dira kanpalekura. Deir ez-Zor eskualdetik ihes egin duten zibilak dira desplazatu gune horretan babestu direnak, jihadistak zokoratu ahala eremuetatik ihes egin dutenak.

Baghuzetik ateratzen dituzten gizonezkoak ere eskualde horretara eramaten dituzte, atxilotze gune batera, han galdekatuak izateko; izan ere, ez da baztertzen ebakuatzen ari diren zibilen artean ekintzaileak ere egotea.

Azken borroka

SDFak muturreko ekintzaile suniten kontrako azken erasoaldia abiatzeko zain daude Baghuzen. Ahmed al-Omar Ipar Demokratikoko Brigadetako eledunaren arabera, bi egunetan hartuko dute hiria, eta, haren hitzetan, gerta liteke jihadistek azken unean borrokatzeari uko egitea. Raqqa hirian ere hala egin zuten.

Baghuzen, urrunetik, su zirimolak ikusten ziren atzo, eta koalizioa osatzen duten milizietako kideek uste dute ekintzaileak dokumentuak eta bestelako arrastoak erretzen ari direla azken gotorlekua izan duten hiria askatua izan aurretik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.