Petrolio upelaren prezioa behera doa, eta ekoizleak ez dira ados jarri

Errusiak ez du onartu LPEEk proposatu duena, 1,5 milioi upel murriztea; petrolioaren salneurria, berriz, 2016. urtetik apalena da

Vienako osasun zerbitzuek LPEEko kideen tenperatura neurtu zuten, atzo, bilerara sartu aurretik. FLORIAN WIESER / EFE.
xabier martin
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusak modu nabarmenean jaitsarazi du petrolio eskaera mundu zabalean, bereziki Txinan, eta LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek nazioarteko eskaintza doitzeko akordioa lortu dute, petrolioaren salneurria egonkortzeko, azken asteetan amildu egin baita. Akordio hori ez du gustuko, ordea, petrolioaren karteletik kanpo aritzen direnen ekoizleen arteko eragilerik garrantzitsuenak, Errusiak, eta urte bukaera arteko ekoizpena egunero 1,5 milioi upelapaltzeko uko horrek are gehiago merkatu zituen prezioak atzo. 46 dolarren inguruan saldu zen Brent upela, %9 galdu ondoren, eta 2016tik gutxieneko prezioan da jadanik urre beltza. Otsailaren 20tik, %20 merkatu da (60 dolarretan zen).

Errusiak eutsi egin zion atzo ekoizpena bere hartan uzteko erabakiari. LPEEko ordezkariekin bilera egin zuen Vienako egoitzan (Austria), baina hasi eta 90 minutura bukatu zen, epemugarik gabeko negoziazio bat zabaltzeko Saudi Arabiako eta Errusiako ordezkarien artean. Erlojupean ariko dira orain Saudi Arabiako eta Errusiako Energia ministroak, Abdelaziz bin Salman eta Alesandr Novak, COVID-19a hedatzearekin batera behera baitoa upelaren prezioa. Egungo salneurriekin ados dagoela dio Errusiak, eta 2018ko urriko ekoizpena baino 2,1 milioi upel gutxiago eskaintzeko helburuari eustearen aldekoa da urte bukera arte. Gauzak horrela, ez da ekoizpena apalduko apirilaren lehentik aurrera, Saudi Arabiak gidatzen duen petrolioaren kartelak nahi zuen moduan. «Apirilaren 1etik aurrera ez dugu derrigortasunik ekoizpena murrizteko», esan zuen argi eta garbi Alesandr Novakek bilera bukatzean.

Iturria ixteko beharra

LPEEk iturria itxi nahi du petrolioaren prezioa gehiegi merka ez dadin, energia horren nazioarteko eskaeraren gainbehera handia datorrelako, aurreikuspenen arabera. 2020an eskaerak izango duen hazkundea erdira jaitsi du LPEEk, eguneko 0,48 milioi upelera; 1,1 milioi upeleko aurreikuspena egin zuen 2019ko abenduan. Kontua da petrolioaren iturria 2016ko hondarrean ixten hasi zela LPEE, Saudi Arabiaren estrategiari jarraikiz. Errusia eta karteletik kanpoko beste ekoizle batzuk merkatutik ateratzeko saioa izan zen, prezio merkeekin lehiatik kanpo geratuko zirelakoan. Eta Errusiak, orain, ez du merkatze gehiagorik nahi.

Baina ikusteko dago datozen egunetan Moskurekin akordio bat egiteko gai den Saudi Arabia, eta, batez ere, adosteko ekoizle bakoitzak bere gain hartu beharko lukeen murriztea. Kartela milioi bat upel kentzeko prest dago, baina erretiratu beharreko beste milioi erdia Errusia eta beste ekoizleen bizkar utzi nahi du: Mexiko, Oman, Bahrain...

2018ko urriko eskaria erreferentziatzat hartu zuen akordioa bertan behera gera daitekeela ere esan diote Errusiari LPEEko hainbat kidek. Alegia, ekoizpena txikitu nahi ez badu, ez duela inork txikituko, ezta orain indarrean dagoen akordioak ezartzen duen moduan ere, eta prezioak bene-benetan eroriko direla. Esan beharrik ez dago: petrolio merkea aldeko aldagai bat bihurtuko litzateke atzeraldiaren beldurrez dabiltzan ekonomia askorentzat.

Aurreikuspen beltzak

Munduko ekonomiak aurrez aurre duen erronka kontuan hartuta, edozein laguntza izango dute eskertzekoa Europako gobernuek. Asiako Garapenerako Bankuak munduko ekonomiak gal dezakeenaren aurreikuspen bat plazaratu du. 68.528 eta 308.824 milioi euro arteko galera izan daitekeela dio, munduko BPGaren hamarren bat eta lau hamarren arteko zuloa. Aurretik esanda doa: inork ez daki zenbaterainoko krisia datorren koronabirusaren harira; izan ere, osasun arazoak zenbat diruaen, horrek finkatuko du kalte ekonomikoaren neurria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.