mikel elorza
ARKUPEAN

Gatz pixka bat, arren

2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Bada, nik negar egingo dut, arraioa. Ez elkarrekin, bakarrik seguruena, baina egingo dut. Pixka bat. Edo asko, ez dakit, unearen arabera. Asko egitea kosta egingo zait, mutilei gizonek ez dutela negar egiten esatenzitzaien belaunaldikoa bainaiz. Negar egitea besteen kontua zen. Eta besteak neskak ziren. Mutiloi debekatua zitzaigun negar egitea, salbu eta negarrarekin batera ukabil astindu bat ez bazetorren, amorru-malkoen kasuan haizu ginen, malkoak eta mukiak denak kolpetik kontra-zintz batean irentsi eta testosteronari uzten bazitzaion ekimena hartzen. Testosterona, gure bidegilea. Naturarekin bat bizi ginen garaian izango zuen zereginik hormonak, baina naturaren kontra bizi garen honetan —eta ez naiz sexuaz ari, bistan denez— nik oraindik ez diot aurkitu.

Negar egingo dudala, alegia. Motiboak ez baitira falta. Jendea hiltzen ari da, jendea gaixotzen ari da —koronabirusak eta beste hainbat depresiok jota— eta oro har igande euritsu hotz bat baino goibelagoa bihurtua zaigu bizimodua. Eta beraz, hala suertatuz gero, negar egingo dut.

Negar egingo dut maitale ezkutuengatik, sortzaile izatera iristen ez diren poeta anonimoengatik —XVI. mendeaz geroztik penatzen—, sexu-menpekoengatik, insomneengatik, trapitxero koxkorrengatik, ordu txikietako kantariengatik —Urepeleko artzaina bilatzen zutenak ez, besteak—, desioak lau hormaren artean kudeatu behar dituzten gazteengatik, desioak lau hormaren artean kudeatu behar dituzten ez hain gazteengatik, desioak izatea ere ukatzen zaienengatik, haietako asko euren desioen irentzaileekin 24 orduz egotera behartuta, mugikorrik eta entzulerik ere gabe kalean beti hizketan ibiltzen diren horiengatik, termino psikiatrikoetan ebaluatuak beti, gaueko arrantzaleengatik, zeinahi dela haien pieza desiratua, eta bereziki haien amuei ihes egiten duten arrainengatik... Eta nigatik, batez ere nigatik. Tristurtea amaitzera doa, eta seguruenik azken malkoa gozoa izango da, sodio-klorurorik gabe geratzen ari bainaiz.

Eta negar egin nezake sahararrengatik, Marokok patera-denboraldia ireki baitu Europak Saharan nahi duena egiteko askatasuna eman diezaion denboraldia ixtearen truke (eta noski arrantza-kaladeroak eta merkantziak eta denetariko, nola esaten zaio, harreman bilateralen truke). Gure anai-arreba sahararrak, bai, baina gure bezero marokoarrak. Esaiezue desertuan bizitza idortzen ari zaienei ez negar egiteko, gu elkarrekin.

Yemendarrengatik ere egin nezake negar, baina ez dakit bakarra ere bizirik geratzen ote den, munduko pandemia-datuekin etaAEBetako hauteskunde eta gobernuaren osaketarekin nazioarteko informazio-kuota betea geratu baitzaigu, eta orain gainera txerto-lasterketa, ultratraila, dator.

Negar egiteko motiboak, beraz, hamaika. Baina egunotako arrazoi nagusia kontra egitearena izango da. Ez baita kontua negar malkotan urtu gaitezen, ezpada «gu elkarrekin» horrek eta sentiberatasun telebistatar honek benetako negargura ematen duela, bere ikusgarritasun asmoan paretako landarea baino faltsuagoa.

Ni ez naiz negarzalea, eta inoiz leporatuko nion norbaiti alferrik ari dela lanturuka, horrek ez duela deus konpontzen. Eta konpondu agian ez, baina kalmatu egin dezakeela erantzungo zidaten akaso. Aukera ematen duela, bakarrik ez zaudenean, besteari hatz potoloaz malkoa xukatzekoa, edo besteak xuka diezazun. Ederra, alegia, ezer konpontzen ez badu ere. Dena konpondu beharrik ere ez baitago.

Baina berriro diot, ez naiz une oro pañueloa eskuan ibiltzearen zale. Malko gehiegizkoak azkenerako gatza galtzen du. Eta gaur egun gogo, eta behar, handiagoa daukagu barre egiteko, kantuan aritzeko, elkar besarkatzeko… alegia, kutsagarriak diren jarduera horiek denak egiteko. Horiek bai, elkarrekin. Egingo ditugu. Egingo ahal ditugu!

Baina egunotan, negar pixka bat egingo dut. Pixka bat, rimmela malkoekin ez joateko lain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.