ARKUPEAN

Barnealdea erdigune

Pauline Guelle -

2021eko urtarrilak 13

Maiz, etxebizitzaren arazoan fokua kostaldean jartzen da. Euskal kostaldeak larriki bizi du kapitalismoak ekarritako etxeen prezioen gorakada, eta paraleloki bigarren etxebizitzen emendatze eroa. Berri hau ez da berria. Jendea etxegabe bilakatuz, sistema horrek lurra ustiatzen jarraitzen du bazterrak emeki-emeki janez. Krauk!

Kostaldeko eremua handituz joan da azken urte hauetan: garai batean Baiona eta Donostiako periferiako hiriak zirenak, hiri horietako langileen lotokiak bilakatzen ari dira. Hor ere, etxeen kostua emendatuz doalarik. Ipar Euskal Herrian, komunzki entrekosta deitzen dugun eremuaz ari gara hemen. Hots kostaldea eta barnealdearen artekoa. Eremu hau ez da sekula finkoa izan. Hala ere, orain arte Lapurdiko Hazparneko hiria zen azken entrekostako herria. Barnealdea, beraz, Nafarroa Beherean hasiko zen, Lekornen, eta Xiberoko zolan amaitu. Oharkabean, kosta inguruko eremu hori etxeen kostuen arabera izendatzen zen. Orain, dohakabe, eremu hori handituz joan da gure inkontziente kolektiboan. Azken urteetan, Bidarraiko herriak muga hau apurtzen zuen ikaragarriko prezioak proposatuz. Ber ideian, barnealdeko beste uharte batzuk kariotzen hasiak ziren aspaldi. Konpararazione, Donibane Garazin eta Baigorrin etxe bat erosteko behar zen sos. Eta ez gutti.

Alderantziz, betiko barnealde merke horren irudia ez da gehiago zuzena. Okerrago: guztiz faltsua da. Bide ertzean aurkitzen diren etxe batzuk erortzen hasiak dira. Batzuk eroriak dira. Beste hainbat etxaldek dirdiratzen dute, eta ez dute gehiago deus etxaldetik, marrazki tzar baten antza dute gehiago. Dena xuri, dena gorri. Dena leun, dena garbi. «Etxealdea osoki zaharberritu, ontsa isolatu, barna xuriz tindatu, irekidura anitz egin, argiak gehitu, pizina bat zulatu eta sustut ontsa saldu». Hara zein den Euskal Herriko etxeen geroa. Lurrentzat, lekuka —logika aldakorra bada ere—, lehentasuna laborantza lurrak hirigintza planean eraikigarri pasatzea izan da. Hor ere estrategia ezberdinak sortzen dira. Edo semeak familiako lur eraikigarri berrietan etxea altxatu du, edo kanpoko bati ongi salduko da.

Abar luze bat gehitzen ahalko genioke lista horri. Erakusten dauku barnealdean etxebizitzen arazoa etxeari eta etxeko lurrei lotua dela. Laborantzaren ehorzketa saihesteko, hainbat elkarte borrokatzen dira lurrak joan ez daitezen. Familia transmisioaren galdera eta diru gosearen arteko tirabirak auzia korapilatzen du. Ondokotza, etxean berean izaten ez bada (oraindik anitzetan hala baita), lurrekin zergatik ez beste laborari gazte bati instalatzen lagundu? Etxea, gotorregia baldin bada, zergatik ez etxebizitza ezberdinetan zatitu zahar edo gazte batzueri proposatuz?

Ipar Euskal Herriko kostaldeak eta barnealdeak kategoria mugiezinetan finkatzeko partez, denborak aldaerak ekarri ditu. Euskal kostaldeak bigarren etxebizitzen paradisua izaten segitzen badu ere, problematika hedatzen ari dela ezin da ukatu. COVID-19tik jin lehen itxialdiak etxeen prezioen gorakada handia ekarri zuen barnealdean, eta fenomenoari laster bukaera bat atzeman behar zaio. Ez bakarrik gazteen urruntzea eta prekarizazioa dakarrelako, baita herrien dinamiken ustiatze prozesu bat ekartzen duelako ere. Mendiak artzain-leku izan ordez bisita-leku bilakatu diren bezala, ez dezagun utz herria zukutzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna