Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Bitartean

2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Asteon bete da urtebete itxialdiko lehen egun hartatik. Erraz esaten da, digeritzea beste kontu bat da. Bada urtebete baldintzatuta bizi garenetik. Tira, zuzenago esanda, bada urtebete pandemiak baldintzatuta bizi garenetik. Lehen ere ez baitzen dena libre, orain hala zela iruditzen bazaigu ere.

Programazioan bada agindu mota bat bizi dugun azken aldi hau ondo deskribatzen lagun dezakeena. While izeneko agindua da. While hitzak ingelesez bitartean esan nahi du. While horri baldintza bat ezartzen zaio eta baldintza betetzen den bitartean azpiko aginduak exekutatzen ditu; hortik izena.

Programazio hizkuntzaren arabera alda liteke, baina demagun baldintza parentesi artean idazten zaiola. Programak baldintza betetzen den egiaztatzen du. Betetzen ez bada, azpiko aginduak irakurri gabe jauzi egiten du while horretatik kanpo. Betetzen bada, azpiko aginduak exekutatu egiten ditu. Hori bai, behin exekutatzen amaitutakoan ez du hurrengo lerrora jarraitzen; berriz ere konprobatzen du ea baldintza oraindik egia ote den. Hala bada, berriz exekutatuko ditu aginduak, harik eta baldintza betetzen ez den arte. Ikus ditzagun pandemiako zenbait adibide, programazio hizkuntzan:

while (itxialdia=true):
do telelana;
do bilerak_online;
do nahi_duzuna_baina_etxean;

Do horrek egin esan nahi du, eta ondoren datozenak aginduak edo funtzioak dira. Baldintzak, while-ean ez ezik, barruan ere jar daitezke. Horretarako, if eta else erabiltzen dira. Baldin eta eta bestela, alegia. Adibidez,

while (deseskalatzea=true and fasea=1):
if (umeen_zaintza=true or adina<14):
do paseoa_umeen_ordutegian;
else if (adinekoen_zaintza=true or adina>70):
do paseoa_helduen_ordutegian;
else:
do ahal_duzuna_baina_etxean;

Horrela, deseskalatzeko lehen fasetik irten arte while horretako aginduak exekutatzen segituko genuke, buklean. Azken boladako adibide bat hau litzateke:

while (intzidentzia_metatua>500 or inzidentzia_tasa>5 or ZIU_okupazioa>100):
do itxiera_perimetrala;
do lana_normal;
do tabernak_itxi;

Urtebete daramagu pandemia=true honetan buklean. Urtebetebitartean bizitzen. Baina bitartean ere bizitzen asmatu beharra dago. Bada horretan bereziki trebea den jendea. Horietako bat zinen zu, Goio. Astebete barru izango da urtebete joan zinela. Itxialdia hasi eta astebetera. Eta, azken unean, kantatzen segitzeko eskatu omen zenien gertukoenei. Azken urtebetean jaso dugun agindurik ederrena da, zalantzarik gabe.

Ordutik nire bizimoduan inplementatuta daukat agindu hura. Eta ni bezala programazioan bereziki trebeak ez zaretenontzat hemen uzten dizuet programaren kodea. Bitartean bizitzen asmatzeko lagungarri gerta dakizuelakoan. Kopiatu, zuen bizi-kodean itsasi eta exekutatzea besterik ez duzue.

while (bizitza=true):
do segi_kantatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.