Ana Malagon.
ARKUPEAN

Izorra daitezela berriz

2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Joan zaitez medikutara!» oihukatu zion aurreko astean PPko parlamentari batek Más País-eko Iñigo Errejoni, honek osasun mentalaren gaia serioski hartzeko unea zela esateko Espainiako Kongresuan hitza hartu zuenean. Ez dakit zergatik Meritxell Batetek, Kongresuko presidenteak, ez zuen irakasleek erabili ohi duten «nor izan den jakin arte ez gara hemendik aterako» bat bota. Estatu kolpe baten trazak izango lituzkeelako beharbada, eta, egia esan, Espainiari ez zaio une honetan besterik falta.

Ordu batzuk beranduegi, koldarkeria beti dabilelako beranduegi, agertu zen sare sozialetan oihuaren egilea, Carmelo Romero (tipo sentibera, poesia frankistaren maitalea), barkamena eskatzera. Barkamen eskeak ez dira inoiz bota diren irainak eta bestelako edukazio falta erakustaldiak bezain natural ateratzen. Autojustifikaziorako konjuruan, bere ardura desberdinetatik osasun mentalaren alde asko egin duela esan zuen. Nik ez dut ukatuko, baina Carmelo Romeroren oihuari, duela urte batzuk Andrea Fabrak, PPko kongresukidea hau ere, langabetuen kontrako «izorra daitezela» haren oihartzuna etorri zitzaion bueltan. Pribilegiotik bakarrik erabil daitezke hitz eta tonu hori. Inoiz ezer txarrik gertatuko ez zaizula jakiteak indartzen dizu ahotsa horrela. Hain asebete, hain sendo.

Inor ez da libratzen, eta badakit, aspaldiko telenobela baten izenburuak zioen bezala, aberatsek ere negar egiten dutela. Baina osasun mentalaren arazo zabalduenen aurrean, justiziaren aurrean bezala, ez gara denak berdinak, eta antsietatearen, depresio eta abarren atzean, antsietate, depresio eta abar ekonomikoa dago sarritan. Eta partxe bat ez den zerbaitekin tratatzeko, osasun publikotik at ia beti, dirua behar da. Edo sindikatu bat, esan izan dute, baina badira sindikatuak heltzen ez diren hainbat esparru.

Diruak ez duela zoriontasuna ematen diru faltarik ez zuen norbaitek botako zuen. Bereak ez diren hitzetan Mikel Laboa deituriko psikiatra batek predikatzen zionetik gertuago gaudela esango nuke nik. Ez daukanak ongi ohi dakiela edukitzea zein den ona. Edo behintzat, ez edukitzea zein txarra den. Hilabete amaieran koltxoi baten gainean eroriko zarela jakiteak, eguneko ordu, autoestimu eta energia guztiak xahutzen dizkizun lan hori utzi ahal izateak, etorkizunari beldurrik ez izateak,... baliteke horrek guztiak zerikusi handia izatea zorionarekin. Niri sekulako astenia eragiten didan udaberriak baino gehiago, ziur.

Carmelo Romerok ez daki zein den bere inguruan ematen den batezbesteko Lexatin kontsumoa. Bestela ez zuen «ez dut ezagutzen, beraz ez da gertatzen» batek eraginda dirudien asperduratik oihukatuko. Egongo da, bere burbuilatik kanpo baina ez oso urrun, PPko kongresu taldeko aholkulari baten laguntzaile bat negar egiteko gogoari eutsi behar izaten diona egunero etxeko atea irekitzen duenean. Egongo da Carmelo Romeroren familian bakarrik sentitzen den norbait. Lorik hartu ezinean dabilen norbait. Mentalki leher eginda dagoena edo hiltzeko gogoa duena. Egongo da, baina berak ez daki. Ez daki, beraz berarentzat ez dago.

Carmelo Romerok ez du osasun mentalarekin kronifikatzeko bidean dagoen arazo orokor bat dugula onartu nahi, eta ez dakit ez ote gauden gu ere apur bat Carmelo Romero izatera behartuak, arazoei medikutara joan ostean partxeak jartzen dizkiogunean, edo, okerragoa dena, pasakodaka garrantzia kendu nahi diegunean. Mundu hau, eta horren isla dira bere osasun sistema publikoak, ez dago psikologoen tratamendu luze eta sakonetarako, azkar medikatuz edo bakarrik joan behar zaizkizunetarako baizik. Zirkulaziorako.

Carmelo Romerok, asperturik edo alferturik, ez zuen mota honetako bajek eragiten duten gastu publikoa zenbatzeko kalkulagailua ere atera. Medikutara bidali zuen Iñigo Errejon baina susmoa dut pikutara bidaltzea zela benetan egin nahi zuena. Eta batez ere, gizarte honen frakasua agerian utziz isilpean edo hipermedikaturik sufritzen dutenak. Izorra daitezela. Berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.