mikel elorza
ARKUPEAN

Itxaropena eta garaipena

2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Noren bizitzak matter du gehiago, George Floydenak edo Victoria Esperanza Salazarrenak? Lehenak, oraingoz. Googlek 197 milioi emaitza ematen ditu bilaketa eginez gero, etaVictoria Esperanzarenak 8 milioi —a ze izen, arraioa, polizia baten belaunpean itota amaitzeko!—. Oraindik egun gutxi ditu bigarren gertaerak, hori ere egia da. Esango nuke Victoria Esperanza hurbilagokoa egin beharko litzaigukeela, Mexiko eta El Salvadorrekin harreman sentimentala bederen estuagoa ikusten dut AEBekin baino, eta deitura ere XVI. mendeko euskal humanista agian agot batengandik iritsiko zitzaion, baina hedabideen indarra oso bestelakoa da Rio Granderen ezkerreko ibarrean, eta guk aspaldian ibai-ertz horretatik edaten dugu.

Munduko kondenatuen artean kondenatuagoak ere badaude, eta emakumezkoa, migrantea eta inguru geografiko pobrekoa bazara, bada orduan hirugarren munduan dauden lau, bost eta seigarren mundu horietako bateko itzaletik ateratzen nahikoa lan badaukazu. Eta estatubatuarra ere don inorrez bat baino ez zen.

George Floyd asko dira gu ezagutzera iristen ez garenak, pentsa zenbat Victoria Esperanza Salazar. Eta edozein kasutan, biek matter dute, biak dira belaunaldi berekoak.

Poliziaren zapalduak itota hiltzea krudela da, baina batzuen berri badugu: zerbaiterako balio du irudi-inbasioak. Nolanahi den, fokutik kanpo gertatzen dira oraindik ere krimen gehienak. 6.500 omen dira Qatarren futbol estadio eta azpiegiturak eraikitzen hil diren langileak, migranteak. Gutxienez. Inoiz baino mundialagoa izango den txapelketan. Nazioarteko partaidetzarik handiena izango du Qatarko 2022ko gizonezkoen mundu txapelketak: 32 estatu-talde futbolean, aurrekoan bezala, bat antolakuntzan, hori ere aurrekoan bezala, eta beste mordoxka bat eraikuntzan eta zulogintzan:Pakistan, Filipinak, Bangladesh, Kenya… Lagun gehienak azken hauek utzi dituzte.

Baina helburuak merezi du: erronka oso zail baina espeziala da norbere herrialdearen ordezkaritza izatea une gogoangarriotan, hainbeste zalek biziko duelako gogoz eta bihotzez, euren balkoiak trapuz beteko dituzte (begiratu gureei, tankera hartzeko)... Dena eman behar zaio maite den elastikoari! Futbolean arituko direnek ez dakit, baina eraikuntzakoek azken hori behintzat beteko dute, jadanik milaka lagunek eman dute zeukaten guztia. Seguruenik zeukaten bakarra: bizia.

The Guardian-ek duela urte batzuk atera eta orain berritu duen informazioak sortu du oihartzun pixka bat, kalapita koxkorra eta baita protestak ere, edo boikot eskaerak, baina ez dirudi erraza izango denik hortik oso urrutira egitea. Qatarko hagintariek patriketatik helduta dauzkate beste guztiak, hankartea petrodolarrez ederki igurtzita, eta orain azkura pixka bat egiten badu ere, buru gainetik belauna amiñi bat kenduta pasatuko da. Irabazlearekin akordatuko gara gehienok, bigarrenarekin ere bai batzuk, joko sortzaileekin zale gutiziatsuenak, eta inor gutxi estadio-eraikitzaileekin.

Gu hor, euskal herritarroi buruz ari naiz, gene singular edo pluraldunak, ez gara geure koloreekin egon ahal izango. Garai batean Pirinioak konkistatzen zituen marea laranja ere atzerriko funtsen lixibarekin horitu delarik, margul dabil gure epika, latza izan da zuntz haustura. Baina, lasai, nola edo hala egongo gara. Isolabera eta xenofobotzat jo nahi bagaituzte ere, historiak erakusten du beti izan garela gure kode genetikoa barreiatu zale, munduan fruitua eman eta zabaltzen ibiltzekoak, eta selekzio gehienetan aurkitu ahalko dugu, 40 urte barruko ikerketa zirraragarrietan, ergatibodun generik edo deitura hoskiderik. Ez dezagun Itxaropena gal. Geurea (ere) izango da Garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.