Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Urtea fini

2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Oporrak, distantziala eta egun bateko klase presentziala. Hara zein izan ziren duela aste bat Emmanuel Macron Estatu frantseseko lehendakariaren eta Jean Castex lehen ministroaren erranak. Nahas-mahas, ikasleek eta irakasleek ikasturte hau nola bukatuko zuten adieraziz. Puntuz puntu zehaztu zituzten haurtzaindegi, lehen maila, kolegio, lizeo eta unibertsitateen hesteko irizpideak. Orain helburua ez baita leku horien irekirik mantentzea, baizik eta ahal bezainbat tokiren hestea. Neurri berri horiek lau astez beteko dira frantses estatuan, eta, beraz, Ipar Euskal Herrian. «Pazkoko» bakantzak apirilaren 5eko aste honetan hasi behar zirelarik, aste batez gibelatuak izan dira. Hori guzia Frantziako ikastetxe guziak memento berean oporretan izateko. Ikasle gehienen buruan, beraz, distantzialean lan egiteak erran nahi du oporretan izatea. Irakasleentzat berriz: buruhaustea.

Aurten itxialdiz itxialdi joan da ikasturtea. Neurri berriak atera dira maiztasun handi batekin. Mailakatuak izan dira, hala nola unibertsitateek ez dituzten lizeo eta kolegioko ber arauak segitu. Aldiz, hastapen batean Frantziako departamendu guzietan erregimen bera aplikatzen zen. Irailean unibertsitateen sartzea egin zen modu hibridoan (lan zuzenduak eta lan praktikoak bertan edo presentzialean eskainiz);katedra irakurraldien kasuan—gehienetan— distantziazko saioak behar zirelarik bermatu. Gero, urri bukaeran bigarren itxialdia agindu zelarik, klase guziak modu desmaterializatuan eman ziren. Unibertsitateko ikasleentzat, egoera hori luzatu zen otsaileko bakantzen biharamunera arte. Martxoko azken hilabete hori, ordea, molde hibridoan iragan zen. Orain, kurtsoak bukatuak ez badira ere, bukatzekotan dira. Hala ere, azken asteetan ikasleek «egun bat» baizik ez dute pasatu beharko unibertsitatean. Antolaezina den azken erabaki horrek, berriz ere, ikastetxeentzat buruhausteak sortzen ditu. Ikasleen urte bukaerako azterketen apailatzeko sekulako nahasmendua sortzen du. Gainera, kasu anitzetan lehen hiruhileko etsaminak ez ziren bermatu ahal izan, eta ikasleak urte osoan jaso zituzten noten gainean ebaluatuak izan ziren. Diskrezio handiz, kontrol jarraikiaren itzulera izan zen.

Ikasturte hau Peneloperen tragediarena izan da. Ikasleei irizpide desegonkor eta aldakorren proposatzeak babes, marka eta konfiantza gabe utzi ditu. Parte hartzea kontuan hartzen denez, modu berriak atzeman behar izan dira gazteen arreta, gustua eta enbeia sustatzeko. Zenbat podcast, zenbat txat, zenbat forum, zenbat quizz eta Zoom? Josiz eta deseginez iragan urtearekin irakasleei ezin neurtuzkoa egin zaigu ikasleen parte hartzea ebaluatzea. Horretaz aparte, ezinean agertu gara ariketa zehatz batzuen bururatzeko, adibidez, eskuz eginiko idazlan mugatua edo eztabaida antzeztuak —fisikoki— antolatzeko.

COVID garai honek irakasleen arteko kooperazio eskasa azpimarratu du, eta krisi egoerak arau ezberdinen interpretatzeko zailtasunak erdian ezarri ditu: ze balioko du urte honek? Nola neurtu ikasleen «maila» azterketa asmatu berriekin? Zer «gaitasun» neurtu pantailaren aitzineko harreman batean? Hori guzia irakasle eta ikastetxeen arabera neurtzen ari da. Baina unibertsitateek ikasleak balorizatzeko galdegiten digute egokitzapenen gehitzea —urte hau berezko egokitzapen hutsa delarik— lan karga arinduz eta azterketak ezeztatuz. Nola jakin, beraz, ikasleek gaiak ulertu eta menperatzen dituztenetz? Haien urtea ukanen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.