Ana Malagon.
ARKUPEAN

Baldarra suertatzen dena

2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
James Parker-i irakurri nion The Atlantic aldizkariko artikulu batean, gure ezker-eskuin asimetriaren azalpen biologikoa konplexua dela baina azalpen psikologikoa ez omen dela hain konplikatua. Esaten zuena oso iradokitzailea suertatu zitzaidan: «Hor nonbait zure nerbio sisteman ezkutuko pertsona bat bizi da, ezkutuko zu bat, lotsatia eta baldarra, dislokatua, argiaren beldur, gauza guztietan zu bezain ona ez dena. Ezer lortzen ez duen pertsona bat da, nahiago lukeena bakean uztea. Eta pertsona horrekin harremantzen zara zure esku ahulena erabiltzen duzun bakoitzean».

Eskuineko eskuarekin lan egiten duen ezkertia izanik, zer pentsatua eman zidaten Parkerren hitzek. Bakean uztea nahi duen ni horrekin kontaktuan nago etengabe, hau idazten ari naizela, adibidez, pelmada ematen ari natzaio behin eta berriz nire bertsio okerrago horri. Badakit ordenadoreko arratoia ezkertientzat konfiguratu daitekeela, baina bere momentuan ez nuen egin eta orain malabarretan ibiltzen hasteko beranduegi da niretzat. Atzean utzi ezin ditzakegun ohitura txarrez beterik gaude denak. Nire belaunaldia senide artean konpartitzen zen ordenadore bakar batekin hazi zen eta ez norberak bere beharretara egokitu ditzakeen gailuen aroan. Hala izan balitz, beharbada orain ezkerrarekin erabiliko nuke ordenadorea. Nire ni baldarra(goa) bakean utzi.

Gaur egungo ezkertiak eskubia erabiltzera moldatu gara hainbat esparrutan, baina behintzat boligrafoa eta koilara ezkerrarekin heltzeko askatasuna izan dugu beti. Etxean ez ninduten eskubiarekin ezer hartzera behartu. Amonak noizean behin amari esaten zion ez uzteko niri ezkerra erabiltzen. Baina amak ez zion kasurik egin inoiz eta nik hatz txikia boligrafoaren tinta urdinarekin zikintzen jarraitzeko eskubidea izan nuen, nire klasean zeuden beste hiru pertsonak bezala.

Ikerketek diotenez, populazioaren %10-12 ezkertia da. Horrek «zertarako hartu hauentzat ezer egokitzeko lana» esanaz laburbildu daitezkeen gauza asko azaltzen ditu. Masa produkzioaren eta trafikoaren mesedetan oholtzara igotzera behartzen dugun gu okerrago horrek gerra batean hiltzeko edo auto-istripu bat izateko aukera gehiago ditu.

Etimologiak harremantzen ditu ezkerrak eta okerrak, ez bakarrik euskaraz. Gauche, left, link, sinistra... guztiek dute ahuldade edo intentzio txarren bat. Guztiak datoz okerreko bidetik. Deigarria iruditu zait beti latinezko sinister hori tabutzat harturik, Iberiako penintsulako erromantzeek euskarara jo izana, esku okerrari heldu arren, euskarak zorte hobea ekarriko zielakoan edo auskalo zergatik.

Hitza aldatuko zen, baina egia esan, ezkerraren fama ez zen gehiegi hobetu Erdi Aroan zehar. Asuntoa atzetik zetorrela diote hainbat teoriak. Erromatarren garaian ezkerreko aldetik ekartzen zituztela hegaztiek augurio txarrak. Atzerago eta patriarkalago baldin bagoaz, gizakiaren dualitateari erreparatzean, greziarrentzat emakumezkoaren aldea zen ezkerra. Eskubia, gizonezkoarena. Denboran oraindik atzerago, eguzkia ezkerretik sartzeak eta horrek gauaren iluntasuna ekartzeak susmo txarrak piztuko zituen akaso.

Azalpen antropologikoak ikusirik, neurri handi batean, ezkertiek populazioaren %10-12 izate hori pairatu behar izan zutela izan zen kontua. Deserosotasun praktikoaz gain, gutxiengoak beti eragiten du halako deserosotasun kontzeptual bat. Mendebaldeko munduan demonizazio horretatik ateratzea lortu dugu ezkertiok eta gaur egun nahiko absurdoa iruditzen zaigu halakoak jasan izana. Beste batzuek oraindik hor diraute ordea, babes legalik gabe inkisizio eta zigor sozial desberdinetatik ihesi, direna ukatu eta beste norbait izatera beharturik maiz. Eta hau gertatzen den bitartean, ez dut uste James Parkerrek zioenak balio duenik. Alderantziz. Baldarra suertatzen dena ez delako inolaz ere gutxiengo hori, gizartearen nerbio sistemaren katakonbetan ezkutatu beharko genukeen gure bertsio pribilegiatu, gogortu eta ozen hau baizik.

Galdetu trans pertsonei bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.