elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Bikoiztasunetik

2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Goraxeago, gudarien gorpu mordoa anabasan, ia denak ahoz behera. (...) Hilotzak eta hilotzak nonahi. (...) Eta igo ahala, are eta gorpu gehiago, gudariak eta soldaduak pilo nahasietan eta besoak gurutzean. Hilotzek ez diote elkarri eraso egiten, elkar besarkatu egiten dira. Gizonak ez dira adiskidetzen hiltzean baizik».

Horrela deskribatu zuen Jose Artetxe idazleak (Azpeitia, 1906-Donostia, 1971) Urkiola gaineko Saibigain mendian aurkitu zuten panorama 1937ko apirilaren 16an. Eszena horretatik hartu zuen, hain zuzen ere, 1936ko gerrari buruzko liburuaren izenburua: El abrazo de los muertos / Hildakoen besarkada.

EAJkoa zen Artetxe, baina gerra frankistekin egin zuen, behartuta nonbait. Donostian hasi eta bukatzen da gerraren egunkaria, eta tartean hainbat tokitatik pasatzen da: Azpeititik Bilbora, Arabaldea tarteko, eta gero Aragoi, Katalunia, Toledo, Madril... Izan ere, alderik alde zeharkatu zuen idazleak gerran zegoen Espainia hura. Paper ziztrinetan, eskuartean zituen liburuetan-eta hartzen omen zituen apunteak, eta txatal horiekin josi zuen liburua.

Aitortzen du Artetxek gerrako oroitzapenek eragiten zioten larriduratik libratzeko erabaki zuela haiei buruz idaztea. Liburua, dio, herrialde honetan beste asko bezala, «bi fakzioen artean» kokatu zen euskaldun batena dela, «suari ura botatzen» saiatu zen batena. Gerra osoa tirorik jaurti gabe igaro omen zuen, kosta ahala kosta. Kontua da 36ko gerrari buruzko kronika zinez bikaina burutu zuela, bikoiztasunaren eremu deserosotik betiere. Horren froga, Jose Ariztimuño Aitzol eta Martin Lekuona apaizen afusilatzeek eragin dioten samina nola adierazten duen, haien hiltzaileen bandoan dabilen bitartean.

Gerra amaitu eta etxera itzulita, egunkaria idazten jarraitu zuen Artetxek (Un vasco en la posguerra, 1939-1971). 1950ean, gerra bukatu zenetik hamaika urtera, Erregimenak arma mota guztiak zerabiltzan: propaganda lotsagabea eta ustelkeria besteak beste, idazleak dioenez. Tartean, agintekeriak jota, egoera irrigarriak gertatzen dira: «Gaur, Bulebarrean, udaltzain batek astindu eta isilarazi egin ditu hogeita hamarren bat tiroldar mardul, afinazio bikainarekin beraien herrialdeko aireak kantatzen ari zirela. Jendeak protesta egin du udaltzainaren debekuarengatik, baina tiroldarrek isildu egin behar izan dute». Idazlearen ondorioa: «Askatasunik gabeko herrialdean, alaitasuna ere susmagarria da».

1951ko apirilean eta maiatzean Gipuzkoan eta Nafarroan langileek egindako greba orokorrak aipatzen ditu Artetxek, tartean Tolosan emakumezkoek burututako manifestazioa. 60ko hamarkadan, polizia eta guardia zibilen torturak ditu hizpide. Lastima azpeitiarraren kronikak bere egunkarian geratzen zirela: zentsura urbi et orbi-koa zen, eta zentsoreen boterea ahalguztiduna, bere liburu bakoitzari jartzen zizkioten aitzakia eta traben antologiak islatzen duenez. Zentsurari iskin egiteko ahaleginean Zarauzko Itxaropena argitaletxeko Patxi Unzurrunzaga zuen konplize. Afera horietan murgilduta, garaiko intelektualen berri ematen du Artetxek lehen eskutik: Jose Migel Azaola, Julio Beobide, Antonio Valverde, Jorge Oteiza, Carlos Santamaria, Fausto Arozena, Marc Legasse, Aingeru Irigaray, Jose M. Iribarren... Hemingwayrekin ere egon zen behin.

Artetxeren liburuetan bat daukat bereziki kuttuna: Mi viaje diario, 1939-1945 artean Zarauztik Donostiara kostako trenean egunero egiten zuen bidaian oinarritua. Oria ibaiaren bakarrizketarekin hasten da kontakizuna, eta hortik aurrera garaiko gizartearen argazki albuma osatzen du idazleak, trenean topatzen duen jende xumea erretratatuz.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak iragarri berri du hilaren 23an —Artetxe hil zenetik 50 urtera—, Recordando a José de Arteche liburua aurkeztuko duela Pedro Berriotxoa historialariak. Ahaztuxe dagoen idazlea —eta kazetaria— berreskuratzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.